Getariako Udalak Potzuaga Gaina eremuaren egiturazko antolamendua aldatzeko prozesua abiatu du, hiri-eremua handitzeko eta bizitegi-eskaintza berri bat egiteko helburuari erantzunez.
Izan ere, etxebizitzen gaiak eragina du gure herrian ere, eta getariarren eskaerari erantzuteko hainbat neurri hartzeko bidean da Udala.
Prozesua
Udalak 2023 bukaeran abiatu zuen Potzuaga Gaina eremuaren antolamendua aldatzeko prozesua, eta plangintza-zirriborro bat eta ingurumen-dokumentu estrategikoa osatu zituen.
2024ko urtarrilean, abian jarritako prozesuaren berri emateko bilera irekia egin zen herritarrekin, eta topaketa arrakastatsua izan zen oso. Bertan sortutako gogoeten bidez, hain zuzen, herrian bizitegi-eskaintza zabaltzeko beharra berretsi zuten getariarrek.
Maiatzean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiak tramitatu zuen ingurumen prozeduraren baitan, proiektuaren bideragarritasuna bermatzen zuten hainbat txosten jaso zituen Udalak. Eta ekainetik irailera, txosten horietara egokitzen den hirigintza proiektua garatu zuen Santiago Peñalbak gidatutako arkitekto-taldeak.
Proiektua aztertuta, Udalbatzarrak lehen onarpena eman berri dio dokumentuari urriaren 29ko bilkuran, eta uneotan, dokumentazioa jendaurrean jartzeko bidean da. Hain zuzen, buletinean agertzen denetik kontatzen hasita, 45 egunez egongo da ikusgai, herritarren ekarpenak jasotzeko.
Ezaugarriak
- Eremua
Proiektua garatuko den eremua landa-erabilerara bideratuta dago nagusiki, eta ez du eraikinik hartzen, etxolaren bat izan ezik. Akarregi kaletik hasita, hilerrira eta Ulacia txakolindegira arteko ia 3 hektareako eremua da, eta Meagas gainera doan GI-3391 errepideak bitan zatitzen du lursaila, bi gune ezberdin sortuz.
Eremuaren banaketa
- 24.524 Bizitegietarako eremua.
- 3.231 Bide-sistema orokorra.
- 1.734 Espazio libreetarako eremua.
- Etxebizitzak
Proiektuak 200 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, batez beste, 100 m2-koak (indarrean dagoen arau subsidiarioan 120 etxebizitza aurreikusten ziren). Etxebizitza bakoitzean hiru lagun biziko direla kontuan izanda (gaur egun, 2,5 biztanle bizi dira batez beste etxebizitza bakoitzean), 600 lagunentzako bizitegiak eskainiko dira.
Etxebizitzen banaketa
- Etxebizitza sozialak: 110 etxebizitza (%55)
- Etxebizitza tasatuak: 40 etxebizitza (%20)
- Etxebizitza libreak: 50 etxebizitza (%25)
Eraikinek, gehienez, lau solairuko altuera izango dute (hiru solairu eta atikoa), eta plazaren aurrealdeko eraikinetan, soto eta garajeen ordez, merkataritzarako eta ekipamendurako espazioak gordeko dira (300 m2 inguru).
Aparkalekuei dagokienean, etxebizitza bakoitzeko 1,5 plazatik gorako aparkaleku-ratioa mantenduko da, eta ibilgailuak etxebizitza berrietan zein inguruan aparkatzeko aukera izango da. Beharrezkotzat jotzen bada, gainera, soto gehigarri bat egin ahal izango da aparkaleku gehiago izateko, eta osagarri gisa, aire zabaleko aparkalekuak jarriko dira bideetan: 78 plaza autoentzat, 28 motorrentzat eta 38 bizikletentzat.
- Espazio libreak eta irisgarritasuna
Eremu osoan 1.734 m2 espazio libre aurreikusi dira. Eremuko gunerik altuenean, hilerritik gertu, parke bat eratuko da talaia gisa, eta horrez gain, jasangarritasun irizpideak jarraituz, 210 zuhaitz landatuko dira, azalera drenatzaileak jarri eta energia berriztagarriak sustatzeko neurriak hartu.
Bestetik, egun indarrean dauden irisgarritasun unibertsaleko baldintzetara egokituko da proiektua, eta igogailu publiko berri bat egingo da, hilerrira hirigintza-oztoporik gabe sartu ahal izateko.
Azkenik, aintzat hartu da eremua Done Jakue bideak zeharkatzen duela, eta galtzadaz gain, espaloi bat ere jarriko da, ibilbidea nabarmen hobetuz.
Ekarpenak
Herritarrek ekarpenak egin ditzakete:
• Udalaren bulegoetan: astelehenetik ostiralera, 9:00-13:00 ordutegian.
• Egoitza elektronikoan: Udalaren webguneko Tramiteak atalean.