Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako Udalak Potzuaga-Gainaren garapena bizkortzeko Lehentasunezko Jarduketari ekin dio.

urria / 01, 2026

Udalbatzarrak Lehentasunezko Jarduketaren Oinarrizko Proiektua onartu du, urteetan garatu gabe egon den eremuaren garapena aktibatu eta azkartzeko. Potzuaga-Gainak 200 etxebizitza inguru hartuko ditu, eta horien %75 babes publikokoak izango dira.

Getariako Udalbatzarrak Potzuaga-Gainaren Lehentasunezko Jarduketaren Oinarrizko Proiektua onartu du, eta, horrenbestez, beste urrats bat eman du herrigunearen ondoan dagoen eta urteetan garatu gabe egon den eremuaren garapena aktibatzeko.

Potzuaga-Gaina 2008ko Arau Subsidiarioetan bizitegi-eremu gisa aurreikusita dago. Azken urteetan, Udalak eremuaren garapena bideratzeko hainbat urrats egin ditu, eta 2026an behin betiko onartu da haren antolamendua eguneratu duen Arau Subsidiarioen Modifikazio Puntuala. Orain, Lehentasunezko Jarduketaren prozedurarekin, garapena gauzatzeko beste urrats garrantzitsu bat ematen da.

Lege berriak eskaintzen duen tresna honen bidez, administrazioak berak har dezake prozesuaren ekimena, eta ohiko hirigintza-prozedurarekin alderatuta izapidetze arinagoa ahalbidetzen du. Horrela, Udalak Potzuaga-Gainaren garapena aktibatzeko eta aurrera eramateko tresna egokia izango du.

Udalak, era berean, lur-jabeekin elkarlanean jarraituko du prozesuaren hurrengo urratsak lantzeko eta eremuaren garapena gauzatzeko.

200 etxebizitza inguru, %75 babes publikokoak

Onartutako proiektuak Potzuaga-Gainaren antolamendu berria garatzen du eta 200 etxebizitza inguru aurreikusten ditu. Horietatik 110 etxebizitza sozial babestuak izango dira, 40 etxebizitza tasatuak eta 50 etxebizitza libreak. Horrela, bizitegi-eraikigarritasunaren %75 babes publikoko etxebizitzetara bideratuko da.

Etxebizitza babestuaren eskaintza berri horrek Getarian dagoen beharrari erantzuteko balioko du. 2026ko urtarrileko Etxebideko datuen arabera, 247 eskaera daude Getariarekin lotuta etxebizitza babestua eskuratzeko; horietatik 135 Getarian erroldatutako herritarrenak dira.

%75eko babes publikoko etxebizitza-erreserbari eustea proiektuaren ezaugarri nagusietako bat da. Helburua da etxebizitza babestuaren eskaintza zabaltzea eta Getarian etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten herritarrei aukera berriak eskaintzea.

Plangintzatik garapenera

Potzuaga-Gaina ez da eremu berria hirigintza-plangintzan. 2008ko Arau Subsidiarioetan bizitegi-eremu gisa aurreikusita zegoen, herrigunearen ondoan, baina urteetan ez da garatu.

Azken urteetan, Udalak hainbat lan eta izapide egin ditu eremuaren garapena bideratzeko. Prozesu horren barruan, 2026an behin betiko onartu da Potzuaga-Gainaren antolamendua eguneratzen duen Arau Subsidiarioen Modifikazio Puntuala. Horri esker, eremuaren garapenerako plangintza-esparrua eguneratu da.

Orain, Lehentasunezko Jarduketaren Oinarrizko Proiektua onartuta, beste fase bati ekin zaio Potzuaga-Gainaren garapenean. Udalak prozesuaren ekimena hartu du, eta lur-jabeekin elkarlanean jarraituko du hurrengo urratsak lantzeko.

GAOan argitaratzen denetik 20 eguneko epea egongo da proiektuari ekarpenak egiteko.

Lehentasunezko Jarduketa memoria EUSK

Lehentasunezko Jarduketa memoria GAZT

Planoak