Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako Udaleko bi udal taldeek adierazpen instituzional bateratua adostu dute azaroaren 25aren harira.

azaroa / 23, 2026

Getariako Udalak emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean konpromiso aktiboa hartzeko deia egin die herritarrei, eta azaroaren 25ean antolatuko diren mobilizazioetan eta herriko ekitaldian parte hartzera animatu ditu.

Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Getariako Udaleko bi udal taldeek, EH Bilduk eta EAJ-PNVk, adierazpen instituzional bateratua adostu eta sinatu dute, emakumeen aurkako indarkeria matxista gaitzesteko eta indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko konpromisoa berresteko.

Adierazpenak azpimarratzen du emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa dela, eta haren desagerpenean erakundeek, gizarte-erakundeek eta herritar guztiek konpromisoa hartu behar dugu.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurrean gaitzespen hutsetik harago joateko deia egiten du Udalak. Errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea, indarkeria ukatzen duten jarrerei aurre egitea eta biktimei laguntzea ezinbestekoak dira indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko.

Adierazpenak herritarren inplikazio aktiboa ere aldarrikatzen du, indarkeria egoerak antzemateko, prebenitzeko eta eragozteko. Izan ere, indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasunerako aukerarik: ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere ondorioak ditu.

Udalaren konpromisoak

Adierazpen instituzionalaren bidez, Getariako Udalak hainbat konpromiso hartu ditu:

  • Indarkeria matxistaren forma guztien aurrean herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak garatzea.
  • Indarkeria matxistako egoeren aurrean, erantzun publikorako eta herritarren mobilizazioetarako dispositiboak artikulatzea.
  • Indarkeria matxistako kasuen aurrean, herritarrek egiten dituzten salaketak eta alertak bideratzea, eta egoera bakoitzean erantzun egokiak aktibatzea.
  • Haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza-programak garatzea, berdintasunean hezten eta indarkeria matxista prebenitzen laguntzeko.
  • Herritarren sareak aktibatzea, indarkeria matxistari aurre egiteko/antzemateko, biktimei laguntzeko, eta, bereziki, mutilak eta gizonak mobilizatzeko.

Azaroaren 25ean parte hartzeko deia

Getariako Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu azaroaren 25ean antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kontrako konpromisoa kalean ere erakusteko.

Horrez gain, herrian bertan antolatutako ekitaldian parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak:

  • 19:00etan, Zarautz Jauregian: helduentzako ipuin-kontaketa saioa, 80 Amandre, Dorleta Kortazarrekin.

Getariako Udalak herritarren parte-hartzea eta inplikazioa ezinbestekotzat jotzen ditu gizarte bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoa eraikitzeko.