Askizuk aisialdirako eta jolaserako espazio berria du.
2026ko aurrekontu parte-hartzaileetan Askizu auzoan proposatutako ideia gauzatu du Udalak, auzoko berdegunea aisialdirako eta elkartzeko espazio bihurtuz.
Getariako Udalak Askizu auzoko aisialdi eremua berritzeko lanak amaitu ditu, eta espazio berria irekita dago jada herritarrek erabiltzeko. Lanak Txukun Lorazantza enpresak egin ditu.
Jarduketa hau 2026ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan Askizu auzoan ateratako ideia batetik sortu da. Herritarren proposamenari erantzunez, Udalak egungo berdegunea aisialdirako eta auzoko bizilagunen arteko topaketak sustatzeko espazio bihurtu du.
Horretarako, egurrezko plataforma bat, haur-jolasetarako elementuak eta hiru piknik-mahai jarri dira, baita mahaietara iristeko pasabide bat ere. Horrez gain, zuhaitz eta zuhaixka berriak landatuko dira udaberrian, ingurune berdearen izaera indartzeko.
Esku-hartzearen bidez, adin guztietako herritarrek aire librean egoteko, jolasteko eta elkarrekin denbora pasatzeko espazio berri bat dute orain Askizun.
Proiektuaren aurrekontua 33.855,38 eurokoa izan da, BEZa barne.
Jarduketa honekin, Getariako Udalak herritarren parte-hartzetik sortutako proposamenak gauzatzen jarraitzen du, auzoetako espazio publikoak hobetzeko eta herritarren eguneroko bizitza sustatzeko.


