Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako Udalak 2027ko aurrekontuak onartu ditu.

azaroa / 24, 2026
5,93 milioi euroko aurrekontuak aurrera atera dira Udalbatzarrean, EH Bilduren aldeko sei botorekin eta EAJren aurkako bost bozkarekin. 2027ko aurrekontuak aurreko urtekoak baino 515.528,43 euro handiagoak izango dira eta herritarren parte-hartzea, zerbitzu publikoen hobekuntza, inbertsioak eta herriaren zaintza izango ditu ardatz nagusiak.

Aurrekontu berriek udal zerbitzuak indartzea, herriko azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzea, kulturaren eta euskararen sustapenean sakontzea eta Getariako ongizateari zein ingurune naturalari arreta berezia eskaintzea dute helburu.

Herritarren ekarpenak kontuan hartuta

Aurten ere, Udalak aurrekontu parte-hartzaileen prozesua egin du. Guztira, 21 ekarpen jaso dira, eta guztiak aztertu eta baloratu dira, horietako batzuei bide emanez.

Ekarpen guztien inguruan egindako hausnarketak ere jaso dira, eta herritarren eskura jarritzen dira. Horrela, jasotako proposamenen azterketa eta balorazioaren berri ematen da eta parte-hartze prozesuaren gardentasuna bermatu.

Sarrerak gora, udal jarduerari eusteko

Aurrekontuaren diru-sarrera arruntak 5.200.451,23 eurokoak dira, aurreko ekitaldiko 4.908.846 euroen aldean 291.606,23 euro gehiago.

Nabarmentzekoa da Udal Finantzaketarako Foru Fondoaren bidez jasoko den ekarpena ere: 2.932.548 euro, aurreko urtean baino 172.818 euro gehiago, hau da, % 6,26ko igoera.

Sarreren hazkundeak udal zerbitzuei eusteko eta herritarren beharrei erantzuteko baliabideak bermatzen lagunduko du.

Inbertsioak eta hobekuntzak herriko arlo guztietan

2027ko aurrekontuak hainbat inbertsio eta jarduera jasotzen ditu, herritarren eguneroko bizitzan eragina duten arloetan.

Hirigintza eta azpiegiturak

Hirigintzaren arloan, Merkeko plaza eta Balentziaga lotuko dituen igogailurako 930.000 euro aurreikusi dira, herriko irisgarritasuna hobetzeko.

Portu eremuan, berriz, 600.000 euroko partida jaso da hainbat jarduera egiteko. Horien artean daude magalen egonkortasuna bermatzeko bioingeniaritza teknikekin lanean jarraitzea, TAO zerbitzuarekin lotutako jarduerak egitea eta mollako gunean hainbat lan gauzatzea.

Horrez gain, 135.520 euro bideratuko dira Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) idazten jarraitzera, eta 50.000 euro auzoetako herri-bideak konpontzera. Herrirako hainbat proiektu idazteko beste 50.000 euro aurreikusi dira.

Beste jarduera batzuk ere jasotzen dira: alde zaharrean piboteak kendu eta semaforo-kamara sistema ezartzeko 23.000 euro, Taxco tabernaren aurreko plazan kale-altzariak jartzeko 20.000 euro, brigadarako ibilgailu berria erosteko 18.200 euro eta herriko instalazio elektrikoa berritzeko 10.000 euro. Udalaren sistema informatikoa software librera migratzeko, berriz, 35.000 euro bideratuko dira.

Kirola eta aisialdia

Kirol instalazioak eta zerbitzuak hobetzeko hainbat partida aurreikusi dira. Hondartzako sorospen zerbitzuak 210.000 euroko aurrekontua izango du, aurreko urtean baino 5.000 euro gehiago.

Era berean, 97.050 euro bideratuko dira frontoiko zorua berritzera, 20.000 euro Mian frontoian harmailak egiteko eta 10.000 euro kiroldegiko fitness ekipamendua hobetzeko. Bizikletentzako aparkalekuak jartzeko ere 5.000 euro aurreikusi dira.

Kultura, euskara eta herri-nortasuna

Kulturaren eta euskararen sustapenean, hainbat ekimen babesteko baliabideak jasotzen dira aurrekontuan. Besteak beste, 18.000 euro bideratuko dira mural bat egiteko, 4.400 euro AEKk eskaintzen dituen euskara ikastaroetarako eta 4.000 euro Izan arrantzale egitasmorako.

Herri-nortasuna garatzen jarraitzeko 5.000 euro aurreikusi dira, soinu-ekipoak berritzeko beste 5.000 euro eta musika bandaren tinbalak berritzeko 9.000 euro. Ondarearen garrantzia eta itsas parrillaren sustapena lantzeko, berriz, 10.000 euroko partida jaso da.

Hezkuntza

Hezkuntzaren arloan, Zanbukari ohiko dirulaguntzaz gain, 7.816,60 euro emango zaizkio eguerdiko taxien gastuei aurre egiteko.

Musika eskolan hobekuntzak egiteko, eskolako eguzki-plakak berritzeko eta haurtzaindegiko instalazioak hobetzeko 5.000 euroko partida bana aurreikusi da.

Berdintasuna eta ongizatea

Berdintasunaren arloan, hurrengo legegintzaldirako plan berria egiteko 17.872 euro bideratuko dira, eta egungo planaren ezarpenarekin jarraitzeko beste 8.265 euro. Berdintasun ekintzetarako 8.000 euro eta emakumeen historia aztertzen jarraitzeko 7.000 euro ere aurreikusi dira.

Adinekoen ongizatea sustatzeko 6.000 euroko partida jasotzen da, eta haurrentzako egitasmoak bultzatzeko, berriz, 5.000 euroko partida berria sortu da.

Ingurumena eta tokiko garapena

Ingurumenaren eta tokiko garapenaren arloan, San Anton mendian hainbat esku-hartze egiteko 75.000 euro aurreikusi dira. Eskolan, kiroldegian eta kale-argiztapenean energia-auditoriak egiteko 18.100 euro bideratuko dira, eta zuhaitzak eta herriko ingurune naturala zaintzen jarraitzeko beste 5.000 euro.

Babexa elkarteari 8.750 euroko ekarpena egitea eta sare konpontzaileen kongresua antolatzeko 4.000 euro bideratzea ere jasotzen da aurrekontuan.

Getariaren etorkizunari begirako aurrekontuak

2027ko aurrekontuek udal zerbitzuen jarraipena bermatzea eta herriko beharrei erantzuteko inbertsioak egitea dute oinarri. Herritarren ekarpenak kontuan hartuta, Getariako azpiegiturak, ekipamenduak eta zerbitzuak hobetzeko bidean jarraitzeko baliabideak jasotzen dituzte.

Aurrekontuen onarpenarekin, Udalak datorren urteko jarduera ekonomikoaren oinarriak ezarri ditu, herritarren ongizatea eta Getariaren garapena helburu.