Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako gazteentzako espazio autogestionatu berria prest dago.

urria / 12, 2026

Aldamar parkean egokitutako espazioaren obrak amaitzear dira, azken xehetasun txiki batzuren faltan. Urriaren 17an eta 18an ate-irekiak egingo dira herritarrek gune berria ezagutzeko.

Getariako gazteek elkartzeko, sortzeko, entseatzeko eta beren ekimenak garatzeko espazio berri bat izango dute aurrerantzean. Aldamar parkeko lokalean egindako egokitze-lanak ia amaitu dira, azken xehetasun batzuk baino ez badira ere falta, eta espazioa herritarren eskura jartzeko azken urratsak ematen ari da Udala.

Hori dela eta, urriaren 17an eta 18an ate-irekiak egingo dira, herritarrek espazio berria barrutik ezagutzeko eta egindako lanaren emaitza bertatik bertara ikusteko aukera izan dezaten.

Espazioak erabilera anitzeko gune zabal bat eta bi entsegu-gela izango ditu, besteak beste. Horrez gain, bi sarrera-irteera eta bi komun egokitu dira, eta akustika ere zaindu da, espazioak izango dituen erabilera ezberdinei ahalik eta erantzun onena emateko.

Herritarren beharretatik abiatutako espazioa

Espazio berriaren sorrera gazteen eta herriko eragileen beharrak eta nahiak aztertzeko egindako prozesu baten emaitza da. Lanketa horretan, besteak beste, gazteen parte-hartzea, aisialdi ohiturak eta etorkizuneko espazioaren erabilerak aztertu ziren, gune berriaren ezaugarriak eta aukerak definitzeko.

Prozesu parte-hartzaile horren bidez, espazioaren erabilera eta antolaketa herriko errealitatera eta beharretara egokitzeko oinarriak ezarri dira. Helburua da gune berria irekia eta dinamikoa izatea, gazteek zein herriko eragileek beren ekimenak garatzeko eta Getariako bizitza sozial eta kulturala indartzeko aukera izan dezaten.

Gazteentzat ez ezik, herriko eragileentzat ere

Helburua da Getariako gazteek elkartzeko eta beren ekimenak garatzeko gune propioa izatea, baina baita herriko eragileek jarduerak, proiektuak eta bestelako ekimenak garatu ahal izatea ere.

Horrela, espazio berriak Gazte Asanbladaren eta Grakaren autogestioa oinarri hartuta, gazteen parte-hartzea eta sormena sustatzeko gunea izan nahi du, baina baita herriko eragile sozial, sindikal eta politikoek elkartzeko, antolatzeko eta beren ekimenak garatzeko txokoa ere.

Kalitatezko esku-hartzea, hasieratik helburu

Obrak hasieran aurreikusitakoa baino hiru hilabete inguruko atzerapenarekin amaitu dira. Atzerapena, besteak beste, saneamendu-sarean egindako aldaketek, parketik beheko lokaletan ematen ziren ur-iragazketek eta hainbat elementuren horniduran izandako atzerapenek eragin dute.

Hori horrela izanda ere, hasieratik, Getariako Udalak argi izan du espazioaren egokitzapenak araudi guztiak bete behar zituela eta esku-hartzea kalitatezkoa izan behar zuela, Udalak egiten dituen gainerako esku-hartzeetan bezala. Horretarako, beharrezkoak izan diren egokitzapen eta hobekuntzak egin dira, eta Udalak pozik baloratzen du lortutako emaitza, hasierako helburu hori bete delako.

Ateak irekitzeko unea

Orain, proiektuaren emaitza herritarrei erakusteko unea iritsi da. Ate-irekiek aukera emango dute espazio berria ezagutzeko, bertan egindako lanak ikusteko eta aurrerantzean izango dituen aukerak ezagutzeko.

Getariako gazteentzako eta herriko eragileentzako gune berri bat irekitzen da horrela: elkartzeko, sortzeko, entseatzeko, proposamenak garatzeko eta herriari ekarpena egiteko espazio bat.

🗓️  ATE-IREKIAK

📍 Lekua: Aldamar parkea

🗓️ Urriak 17, larunbata
🕙 11:00-13:00 eta 18:00-20:00

🗓️ Urriak 18, igandea
🕙 12:00–14:00

Gerturatu espazio berria ezagutzera! Elkartzeko, sortzeko, entseatzeko eta herriko ekimenak garatzeko gune berria ezagutzeko aukera izango da.