KULTUR ETXEKO ARGITERIA LED TEKNOLOGIARA ALDATU DU UDALAK
2022. urtean, Getariako Udalak Aldaketa Klimatikoa eta Energia Plana garatu zuen, eta bertan 2022-2030 aldirako zenbait esku-hartze jaso ziren, besteak beste, udal eraikinetako argiteria LED sistemara aldatzea.
Beraz, Planean jasotakoari jarraituz, Kultur Etxeko energia-kontsumoa murrizteko diru-partida bat ezarri zen 2023ko aurrekontuetan. Leycolan enpresari eskatu zitzaion eraikinaren argiteria-sistema hobetzeko proposamena egiteko. Hala, lan hori oinarri hartuta, argiteria LED teknologiara aldatu berri da, eta hainbat argi-puntu ber-kokatu dira, banaketa egokia lortzeko.
Kultur Etxean egin den esku-hartzeak 22.292 euroko kostua izan du. Aldaketa horri esker, argi-kontsumoa, urtero, %10 inguru murriztea aurreikusten du Getariako Udalak, eta horrenbestez, baita ehuneko horren aurrezpena ere.
Bestalde, kiroldegiko kontsumoa murrizteko, frontoian dauden 26 argi-puntuak ere LED teknologiara aldatuko ditu Getariako Udalak. Erne enpresak egingo ditu lanak, eta, guztira, 29.376,62 euroko kostua izango dute. Eskaera dagoeneko egin bada ere, materialen horniketa-arazoak direla eta, lanak urtarrilaren erdialdean egitea aurreikusten da.