IX. NAZIOARTEKO FLYSCH ORGANO JAIALDIAREN AURKEZPENA EGIN ZEN DONOSTIAN
Iragan edizioan bezala, bi kontzertu solidario izango dira AFAGI Gipuzkoako Senitartekoen, Lagunen eta Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen elkartearen eta AECC Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen alde.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak gaur goizean aurkeztu du Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren bederatzigarren edizioa. Orioko, Zumaiako, Getariako eta Debako udalekin eta udalerri horietako parrokiekin lankidetzan egin du.
Prentsaurrekoan parte hartu dute Goizane Álvarez Kulturako diputatuak, Haritz Alberdi Getariako alkateak, Begoña Rodriguez AFAGIko presidenteak eta Marisa Arriola Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteko presidenteak. Zumaiako, Debako eta Orioko udaletako ordezkariak ere bertaratu dira.
Beste urtebetez, tresna solidario bihurtzea da zikloaren xedea. AFAGI Gipuzkoako Senitartekoen, Lagunen eta Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen elkartearen eta AECC Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen aldeko bi kontzertu solidario izango dira, borondatezko ekarpenekin.
Goizane Alvarez Kultura diputatuak adierazpenak egin ditu: “Aurten ere antolatu dugu organo-kontzertuen zikloa. Organoa musika-tresna paregabea da, joko den tokirako sortua eta gure ondarearen atal oso garrantzitsua dena. Gipuzkoako kostaldeko herrietan, uda ez da hondartza bakarrik; kultura, ondarea eta musika ere bada. Zikloaren helburua da organoa tresna ezezagun gisa aditzera ematea, Gipuzkoako ondarearen balioa nabarmentzea, zaintzea, eta lurraldeko eskaintza kultural eta turistikoa erakargarriago egitea” esan du Alvarezek.
Haritz Alberdi, Getariako alkateak adierazi du “plazer bat dela herrietan, urtea joan urtea etorri goi-mailako musikeroetaz gozatzeko aukera izatea. Gainera aukera kultural hau gure sentitzen ditugun gune paregabean egiten dira, elizetan, eta guztion ondare diren organoaren jiran. Jaialdi honek gainera, elkartasunari keinu bat egiten dio eta hori pozgarria da”.
Begoña Rodríguez AFAGIko presidenteak eskerrak eman nahi izan dizkio Nazioarteko Flysch Organo Zikloari, “duela 9 urte lehen edizioaz geroztik, AFAGIk bere lehen kontzertu solidarioa eskaini zuen Getarian. AFAGIrentzat, laguntza ekonomikoaren zati bat, ikusaraztea eta Alzheimerren gaixotasuna normalizatzeko beste urrats bat da, eta hori da garrantzitsuena”.
Azkenik, Marisa Arriolak Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteko presidenteak “eskerrak eman nahi dizkiot Santiago Bandari Musika Kontzertu hauek bultzatzeagatik izan duen inplikazioagatik, motibazioagatik eta eskuzabaltasunagatik, hainbat arrazoirengatik egoera konplexu eta zailetan dauden pertsonei, fisikoki eta emozionalki, lagundu ahal izateko. Oso garrantzitsua da, kasu honetan, musika eta musikariak hurbiltzea behar dugunoi, eta adibide horiek herritar guztiei erakustea “.
Programazioa
Orio. 2024ko uztailaren 7an, 20:00etan. Sarrera doan
Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren IX. zikloan aurkeztutako Miszelanea XVIII-21 programak organorako musikaren hiru aitzindari omentzen ditu. Isabel Prota y Carmena madrildarrak (1854-1928) errekonozimendua jaso zuen bizirik zegoela. Haren obrak operaren eta zarzuelaren eraginak islatzen ditu, eta kontzertu honetarako berreskuratu da. Elfrida Andreeren (1841-1929) sinfonia bat ere izango da. Suedian graduatutako lehen emakume organista izan zen, eta aitzindaria katedral batean postu titular bat izaten. Ekitaldia amaitzeko, klabearen berpizkundean egindako ekarpenagatik nabarmendu zen Marguerite Roesgen-Championen (1894-1976) nokturno post-inpresionistak izango dira. Kontzertu honek azpimarratzen du emakumeak egon daitezkeela eta funtsezkoak direla kultur programazioetan. Sarrera doan
Zumaia. 2024ko uztailaren 14an, 20:00etan. Sarrera doan
Oblivion organo eta biolontxelorako programa bat da. Euskadin bizi diren bi argentinar dira musikariak: Juan Ignacio Emme, EOSeko lehen txeloa, eta Matias Sagreras organista, Donostian bizi dena eta ibilbide profesional bikaina osatu duena. Oblivion, ahanztura ingelesez, konpositore argentinar batek konposatutako pieza bakarra izango da. Hain zuzen, Astor Piazzolarena da, tango sinfonikoaren erreferente nagusiarena. Hala ere, titulu hori musika hutsetik haratago doa, eta bi musikariek bizi izan duten migrazioaren ahanzturari, beste lurralde batera aldatzeari, egin nahi dio erreferentzia. Organoari ere erreferentzia egin nahi dio, gizarteko esparru askotan ahaztua izaten ari den tresna gisa. Horretarako, Zumaiako saiorako transkribatutako piezen multzoak A. Vivalditik A. Piazzolarainoko errepertorioa eskainiko du: “Musikarekin historia osoa itzultzen da”.
Getaria. 2024ko uztailaren 20an, 20:00etan. Sarrera doan
Mauro eta Victor Azconaren Basterretxeren Maiorazkoa da euskal filmografian osorik gordetzen den zinemaren garai mutuko fikziozko film luze bakarra. 1928an estreinatu zen. Ana Belen Garcia organista eta pianistak eta Thierry Biscary kantari, perkusionista eta konpositoreak jarriko diote musika filmari, inprobisazioekin eta J. Guridi eta Aita Donostiaren neurriko euskal konpositoreen musikarekin, baita Thierry Biscay beraren pieza propioekin ere.
Deba. 2023ko uztailaren 27an, 20:00ean. Sarrera doan
Musika alemaniarra II, termino kronologiko eta estilistikoan, iazko edizioan Deban egin zen kontzertuaren jarraipena da. Kontzertu hartan J.S. Bach izan bazen helmuga, abiapuntu izango da oraingo honetan, organorako Tokata eta Fuga BWV 565 entzutetsuarekin, eta egile beraren BWV 202 ezkontza-kantatako Sich uben im Lieben aria izango da jarraian. Programa osatze aldera, Schubert, Liszt eta Wagner konpositoreen lanak izango dira, eta, amaiera bikaina emateko, R. Straussen Ariadne auf Naxos operaren Es gibt ein Reich aria ederra. Erabateko bokal eta instrumental erakustaldia, zentzu guztietan oso anitza den erreportorio baterako. Proposamen hori berria da jaialdian, eta, ziurrenik, kontzertu-formatu gisa jarraituko du, beste estilo batzuk erabilita. Ezin dugu ahaztu Flysch Jaialdia ongintzakoa dela eta kontzertua minbiziaren aurkako elkartearen aldekoa izango dela.
Organoak
Orio. Organoak transmisio mekaniko bidez funtzionatzen du, bai notetan, bai erregistroetan. Eskuzko hiru teklatu eta pedalezko teklatu bat ditu. Instrumentu horrekin, Euskal Herriko hainbat organotan dagoen tradizio sinfonikoarekin jarraitu nahi izan da, A. Cavaillé-Coll gisako organogile frantsesek ezarritako eta ondoren euskal organogileek mantendutako eskolari jarraituta. Bere funtzio didaktikoa da San Nikolas parrokiako organo horren bereizgarri nagusiena.
Getaria. A. Cavaillé-Coll organo egileak 1860. urtean egin zuen instrumentua Getariako San Salvador elizan dago kokatua; organoak 8 erregistro ditu eta estilo erromantiko frantsesean egina dago (garai hartan ohikoa zen bezala). Erregistro horiek eskuzko bi teklatutan eta pedaleko teklatu batean (garatu gabekoa) banatuta daude, eta akoplamenduz sortzen da soinua. Nahiz eta instrumentu txikia izan, erregistro bakoitzak aparteko kalitatea du.
Zumaia. Stoltz anaiek beste bitxi txiki bat utzi zuten Zumaiako San Pedro elizan. Organo hori ere estilo erromantiko frantsesean eraiki zen 1890. urtean, eta 15 erregistro ditu eskuzko bi teklatutan eta pedaleko teklatu batean banatuta. Instrumentu hori XVI. mendeko aurreko organoaren kaxaren barruan dago. Tamaina gorabehera, bere edertasun eta konposizio bereziak moldakortasun harrigarria eskaintzen die organo-jotzaileei.
Deba. Gaur egun ere organoak eraikitzen dira. Gure garaiko ospetsuenetakoa den G. Grenzing enpresa organo-egileak Debako organoa egin zuen 2009. urtean, Santa Maria la Real elizan jartzeko. Instrumentu horrek 37 erregistro ditu eskuzko hiru teklatutan eta pedaleko batean banatuta. Organo hori eraiki zen, batez ere, musika barrokoa egiteko. Hala ere, erregistro bakoitzak duen soinu-kalitatea kontuan hartuta, beste garai eta estilo batzuetako musika entzuteko aukera ere izango da.