Aldundiak San Prudentzio-Askizurako errepidean oinezkoentzako bidea egiteko proiektua jendaurrean jarri du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jendaurrean jarri du San Prundetzio-Askizurako errepidean, Loidi eta Zabalatxo baserrien arteko zatian, oinezkoentzako ibilbidea egiteko proiektua. Inguruko auzotarrek aspaldidanik eskatu duten segurtasun hobekuntzari erantzuten dio ekimenak, eta gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jendaurrean jarri du Getarian Askizura doan errepidean oinezkoentzako ibilbidea egiteko proiektua. Iragarkia gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta horrekin batera abiatu da proiektua jendaurrean jartzeko izapidea. Zehazki, esku-hartzea Loidi baserriaren ondoren errepidera irteten den zatitik Zabalatxo baserriaren inguruetaraino egingo litzateke. Helburua da gaur egun oinezkoentzat segurtasunik ez duen errepide zatian ibiltzeko baldintzak hobetzea.
Errepide horrek N-634 errepidea eta Askizu auzoa lotzen ditu, eta gaur egun ibilbidearen zati batean oinezkoentzako bide bereizia badagoen arren, tarte jakin batean ez dago oinezkoentzako ibilbide segururik. Hori dela eta, ohikoa izaten da oinezkoak galtzadatik bertatik ibiltzea.
Egoera hori konpontzeko, Sestra Ingeniería y Arquitectura SL enpresak idatzi du proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamentuarentzat. Aurreikuspenen arabera, 120 metroko luzera eta 2 metroko zabalera izango duen oinezkoentzako ibilbidea egingo litzateke, galtzadarekiko paraleloan eta zintarri eta baliza zilindrikoen bidez trafikotik bereizita.
Lan horien lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 99.819,17 eurokoa da, eta obrak egiteko aurreikusitako epea lau astekoa da. Obrak gauzatzeko, gainera, Getariako udalerrian dauden zenbait lurzati aldi baterako zein behin betiko okupatu beharko dira.
Proiektua jendaurrean egongo da hilabeteko epean, eta epe horretan herritarrek, erakundeek eta interesdunek alegazioak edo iradokizunak aurkezteko aukera izango dute. Dokumentazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamentuko bulegoetan (Donostian) eta Getariako Udalean bertan egongo da ikusgai.
Udalaren balorazioa
Getariako Udalak positibotzat jo du proiektuaren tramitazioa hastea. Izan ere, gai hau 2024ko otsailean Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuaren artean izandako hartu-eman batean jarri zen lehen aldiz mahai gainean, eta ondoren izandako harremanetan ere landu den kontua izan da. Aldundiak 2025eko udazkenean eman zion Udalari esku-hartze honen berri, proiektuaren lanketa aurrera zihoala jakinaraziz.
Udalaren arabera, aurreikusitako jarduketak inguruko auzotarrek aspaldidanik adierazitako segurtasun arazo bati erantzuten dio. Proiektuaren helburua San Prudentzio-Askizu inguruan oinezkoentzako mugikortasuna seguruagoa eta erosoagoa izatea da, eta, aldi berean, auzoko eguneroko joan-etorrietarako baldintza hobeak bermatzea. Proiektuaren exekuzioak aspaldidanik kezka sortu duen egoera konpontzea ahalbidetuko du, errepide zati horretan oinezkoen segurtasuna hobetuz. Horregatik, Udalak pozik hartu du proiektuaren tramitazioa abiatzea.
Azkenik, Getariako Udalak nabarmendu nahi du bi erakundeen arteko lankidetzaren emaitza dela proiektu hau. Udalaren arabera, administrazioen arteko elkarlanak aukera eman du herritarren kezka bati erantzuteko eta San Prudentzio-Askizu inguruko mugikortasun baldintzak hobetzeko urrats garrantzitsua emateko.


