Udalak herritarren ekarpenak jasoko ditu etxebizitza babestuen esleipen-ordenantza osatzeko.
Getariako Udalak etxebizitza babestuak eskuratzeko eta esleitzeko etorkizuneko ordenantzaren oinarriak aurkeztu zituen atzo, azaroaren 26an, Eskolako aretoan egindako saioan. Herritar ugari bertaratu ziren aurkezpenera, etxebizitzaren inguruko gaiarekiko interesa agerian utziz.
Saioan, Getariako etxebizitza-egoeraren diagnostikoa azaldu zen, baita etxebizitza babestuen esleipena arautzeko proposatzen den eredua ere. Proposamenak hiru alderdi nagusi zehazten ditu: nork eskatu ahal izango duen etxebizitza babestu bat, zer kupotan sailkatuko diren eskaerak eta kupo bakoitzaren barruan zer irizpideren arabera ezarriko den lehentasun-ordena.
Esleipen-sistema diseinatzeko, gizarte- eta genero-ikuspegia txertatzea proposatzen da, eta diru-sarrerak, kargupeko pertsonak, Getariarekiko lotura eta egoera bereziak hartzea kontuan. Era berean, mugikortasun urria duten pertsonentzako, 35 urtetik beherako gazteentzako eta familia gurasobakarrentzako kupoak aurreikusten dira, kupo orokorrarekin batera.
Ekarpenak egiteko 20 eguneko epea
Aurkeztutako proposamena osatzeko, Udalak herritarrei aukera eman nahi die oinarriak aztertu eta beren ekarpenak egiteko. 20 eguneko (azken eguna abenduak 17) epea egongo da ekarpenak, iradokizunak eta proposamenak aurkezteko.
Ekarpenak bi bide hauetako edozeinen bidez egin ahal izango dira:
- Posta elektronikoz: udala@getaria.eus helbidera idatzita.
- Erregistro elektronikoaren bidez: Udalaren erregistro elektronikoa erabilita.
Ekarpenak jaso eta aztertu ondoren, Udalak ordenantza osatzeari ekingo dio. Helburua da ordenantza 2027ko urtarrileko Udalbatzarrera eramatea, ondoren dagokion izapidearekin jarraitzeko.
Etxebizitzen sustapena eta esleipen-arauak, paraleloan
Ordenantza berriaren lanketa Getariako etxebizitza-premiei erantzuteko Udalak egiten duen lanaren barruan kokatzen da. Etxebizitza babestuak sustatzeaz gain, horiek eskuratzeko eta esleitzeko irizpideak garaiz zehaztea da asmoa.
Ordenantza lantzeko prozesua Udalak Potzuaga-Gainako Lehentasunezko Jarduketa sustatzeko eta eremu horretako proiektua sustatzailearekin zehazten joateko egiten ari den lanarekin batera garatuko da. Horrela, etxebizitza babestuen sustapena eta horien esleipen-arauen lanketa paraleloan egingo dira.
Getariako Udalak herritarrei eskerrak eman nahi dizkie aurkezpenean parte hartzeagatik, eta datozen 20 egunetan proposamenari buruzko ekarpenak egitera animatu nahi ditu.
Dokumentazioa
Herritarren eskura jarriko dira atzoko aurkezpenaren dokumentua eta Getariako etxebizitza tasatuen ordenantzaren beharrari buruzko hasierako justifikazio-txostena, proposamena xehetasunez ezagutu eta ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.


