Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Hezkuntza Batzordeko legebiltzarkideek Iturzaeta ikastetxea bisitatu zuten pasa den ostiralean.

maiatza / 11, 2026

Ikastetxeko arduradunek eta Getariako Udalak hezkuntza proiektua eta gaur egungo premia nagusiak aurkeztu zizkieten ordezkariei.

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko hainbat legebiltzarkide Getariako Iturzaeta ikastetxean izan ziren pasa den ostiralean, ikastetxearen egunerokoa eta bertan garatzen diren hezkuntza-proiektuak gertutik ezagutzeko asmoz. Bisitan zehar, ikastetxeko arduradunek ikastetxearen hezkuntza proiektuaren berri eman zieten ordezkariei, gaur egun dituzten premia nagusiak azaltzearekin batera.

Bisitan parte hartu zuten Aitor Urrutia (EA-NV), Ikoitz Arrese (EH Bildu), Patricia Campelo (ES-SV) eta Muriel Larrea (ETP-PV) legebiltzarkideek, denak ere Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko kideak. Iturzaeta ikastetxetik, Edurne Gastañares zuzendaria eta Igone Mantzizidor ikasketa burua izan ziren bisitan parte hartu zutenak. Getariako Udaletik, berriz, Haritz Alberdi alkatea izan zen bertan.

Bisita horren bidez, legebiltzarkideek bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten Getariako hezkuntza errealitatea, premiak eta herriko ikastetxeak egiten duen lana, ikasleen heziketa integrala eta euskararen sustapena ardatz hartuta.

Getariako Udalak nabarmendu nahi du bisitak herriko hezkuntza komunitateak egiten duen lana balioan jartzeko eta Iturzaeta ikastetxeak gaur egun dituen premia nagusiak zuzenean ezagutzeko aukera ematen duela; aldi berean, egungo errealitatetik abiatuta etorkizuneko eskolak izan ditzakeen behar eta irtenbideen inguruko hausnarketarako ere baliagarriak direla azpimarratu nahi du.

Udalak aurten hiru esku-hartze nagusi egin edo egingo ditu ikastetxean:

Getariako Udalak gogorarazi du aurtengoan bi esku-hartze nagusi aurreikusi dituela Iturzaeta ikastetxean. Alde batetik, eraikinaren fatxadako lanak egingo dira, balkoiak hobetu, bajanteak egokitu, hainbat ate berritu, eskailerako konponketak egin eta beluxa instalatzearekin batera. Bestetik, eskolako parkean jolas berri bat jarriko da ikastetxean. Horrez gain, ikasturte hasieran Udalak bero galdara berria instalatu zuen eskolan.

Udalak nabarmendu du fatxadako lanek eta jolasak %60ko finantziazioa lortu dutela. Galdera berriaren instalazioa, berriz, Udalak berak ordaindu du.