Potzuaga Gaina eremuko hirigintza-aldaketa behin betiko onartu du Foru Aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak behin betiko onartu du Getariako “AU.XVIII Potzuaga Gaina” eremuari dagokion Udal Plangintzako Arau Subsidiarioen aldaketa, 2026ko martxoaren 17ko Diputatuen Kontseiluaren erabakiz. Behin betiko onespena Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio, indarrean dagoen araudiaren arabera, udalerriaren tamainari eta plangintza-eskumenen banaketari lotuta.
Aldaketaren helburua da eremu horretan antolamendu bideragarriagoa, jasangarriagoa eta paisaian integratuagoa ahalbidetzea, horretarako eraikigarritasuna eta dentsitatea handituz, lurzoru berriak artifizializatzea saihesteko.
Potzuaga Gaina eremua herrigunearen hegoaldean kokatzen da, eta gaur egun nagusiki landa-erabilerakoa bada ere, aldaketak bizitegi-eremu gisa garatzeko aukera indartzen du. Proposatutako antolamenduaren arabera, guztira 29.489 m²-ko eremua egituratzen da, gehienbat etxebizitzetara bideratuta, baina baita bide-sistemara eta espazio libreetara ere.
Aurreikuspenen arabera, sestra gainean 21.000 m²-ko eraikigarritasuna garatuko da, honela banatuta:
- Babes publikoko etxebizitza sozialak: 110 inguru
- Babes publikoko etxebizitza tasatuak: 40 inguru
- Etxebizitza libreak: 50 inguru
- Hirugarren sektoreko erabilerak (merkataritza, ekipamenduak): Zati txiki bat.
Gainera, 300 aparkaleku baino gehiago aurreikusten dira lur azpian.
Antolamendu xehatuak hiru bizitegi-partzela eta zuzkidura publikoetarako guneak definitzen ditu, eta eraikinek, oro har, beheko solairua, hiru solairu eta teilatupea izango dituzte, eremuaren ezaugarrietara egokituta.
Espedienteak administrazio-izapide luzea izan du: 2023an hasi zen, jendaurreko epea eta alegazioak jaso ondoren, 2025ean behin-behineko onespena jaso zuen, eta azkenik, ingurumen eta kostaldeko txostenen ondoren, behin betiko onespena eman zaio.
Behin betiko erabaki honek administrazio-bidea amaitzen du.


