Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako udalak harrera-protokoloa egin du

ekaina / 21, 2021

Getariako Udalak harrera-protokolo bat egin du, herrira bizitzera etortzen direnei bertan integratzen laguntzeko. Izan ere, Getaria herri anitza da. Bertan, hainbat kultura, hizkuntza eta jatorri ditugun jendea bizi gara, eta hori guztiontzat da aberasgarria.

Harrera-protokolo honen bidez, Getariara iritsi berri direnei lehen harrera egiteko modua edo prozedura zehaztu da, orain arteko eskaintza hobetzeko asmoz. Etorri berrien beharrak, errealitateak eta ikuspegiak oinarri hartuta egin nahi da bidea, harrera-prozesuetako subjektu eta eragile gehiagoren inplikazioa sustatuz. Horrela, iritsi berrien eta bertako herritarren arteko hartu-emanak, ezagutza eta elkarbizitza indartzeko urratsak egitea da asmoa, aniztasuna balioan jarriz eta Getariako errealitate soziologikoa ezagutaraziz.

Integrazioaren bidean, hiru arlori erantzuteko beharra azpimarratzen da harrera-protokoloan: oinarrizko beharrizan materialak asetzeari, oinarri kulturala izateari eta arlo sozio-afektiboa lantzeari. Horrez gain, harrera integral bat eskaintzea du xede, bi eremutatik abiatuta: eremu instituzionaletik nahiz eremu informaletik. Eremu instituzionalari dagokionez, herriari buruzko informazio zabala emango zaie etorri berriei Udalean, eta hainbat baliabide jarriko dira haien eskura, hala nola Getariako baliabideen gida eta ongietorri-saioak. Ongietorri-saio horien helburu nagusia herriaren ezaugarri orokorren berri ematea eta elkar ezagutzea izango da, eta herriko hainbat dinamiketan parte hartzera animatuko dira saioaren hartzaileak. Bestalde, eremu informalaren baitan, herriko eragileek hartuko dute parte, protokoloan proposatzen diren urratsak garatzen lagunduz.
Herriko egoera soziolinguistikoan murgiltzeko gonbidapena ere egiten da protokoloan, euskarak Getarian duen balioa nabarmenduz eta, integrazioaren bidean, euskara jakiteak eta erabiltzeak dituen onurak azpimarratuz. Ildo horretan, euskaraz ikasteko dauden bideak eta laguntzak ere ezagutaraziko zaizkie interesdunei.
Aipatu bezala, harrera-protokolo honek iritsi berriei lehen uneko harrera egiteko bidea zehazten du, baina, horrez gain, integrazio-prozesua ariketa dinamikoa den aldetik, lan jarraitu bat egiteko aukera barne hartzen du, bertan proposatzen diren askotariko ekimenen bitartez. Finean, kultura eta hizkuntza ezberdinak elkar ezagutuz, elkar aitortuz eta errespetatuz, etorkizunerako bidean eskuz esku joatea da xedea.

Lehen urratsa herriko eta eskualdeko zerbitzu desberdinak jasotzen dituen liburuxka bat ateratzea izan da. Liburuxka hau etorri berri guztiei emango zaie Udalean. Bertan herriko elkarte eta zerbitzu desberdinen berri ematen da. Baita eskualdeko beste hainbatena ere.