2025eko likidazioak Getariako Udalaren egoera ekonomiko sendoa berretsi du.
2025eko likidazioak erakutsi du Getariako Udalak egoera ekonomiko sendoa duela, eta horrek aukera emango du datozen urteetako inbertsio estrategikoei berme handiagoz heltzeko.
Getariako Udalaren 2025eko aurrekontuaren likidazioa alkateak martxoaren 27an onartu zuen, eta haren berri maiatzaren 12ko Batzorde Informatiboan eman zen. Halaber, likidazioaren berri emango da astearteko ohiko udalbatzarrean. Datuek erakusten dute udalaren egoera ekonomikoa sendoa eta orekatua dela: urtea superabitarekin itxi da, sarrera arruntak 5,95 milioi eurotik gorakoak izan baitira, eta gastu arruntak 5,31 milioi eurokoak.
Sarreren atalean, zuzeneko zergen bilketa aurreikusitakoa baino handiagoa izan da, batez ere Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokionez. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren udal finantzaketarako foru funtsetik aurreikusitakoa baino sarrera handiagoak jaso dira. Portuko diru-sarrerak ere inoizko handienak izan dira, eta horrek etorkizunean bioingenieritza edo portuko magalen konponketen gisako inbertsioekin jarraitzeko bidea errazten du.
Gastuei dagokienez, aurreikusitako jarduera eta inbertsio nagusiak aurrera eraman dira: kiroldegi aurreko estalpea, espazio autogestionatuaren obra, Menditxoko haur parkea, Aldamar parkeko konponketak, Herrerietako saneamendu eta asfaltatze lanak, Askizuko bide zaharraren eraberritzea eta lursailen erosketa, proiektu estrategikoen idazketa, moilako bioingeniaritza lanak eta alde zaharreko argiteria LEDetara aldatzeko material erosketa, besteak beste. Gainera, 2006an eskailera mekanikoak egiteko eskatutako mailegua mugaeguna baino lehen amortizatzeko 107.878,50 euroko gastua egin da.
Bestalde, diruzaintzako gerakina handitu egin da, eta 1.147.215,3 euro bideratzea aurreikusten da. Zenbateko horrekin, 2025ean eskatutako maileguaren zati bat amortizatu eta Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko dituen igogailua finantzatzeko poltsa bat egitea da asmoa.
Eneko Miralles Ogasuneko batzordeburuak azpimarratu duenez, “2025eko likidazioak erakusten du Getariako Udalak egoera ekonomiko sendoa duela, eta azken urteotan egindako kudeaketa arduratsuak emaitzak eman dituela”. Haren esanetan, superabitarekin ixteak eta diruzaintzako gerakina handitzeak “udalaren egonkortasuna bermatu eta datozen urteetako erronkei berme handiagoz heltzeko aukera” ematen dute.
Mirallesek nabarmendu du egoera ekonomiko horrek aukera emango duela “herritarren bizi-kalitatea hobetzeko beharrezkoak diren inbertsioekin jarraitzeko”. Horien artean aipatu ditu, besteak beste, Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko dituen igogailua, portu inguruko lanak eta udal ekipamenduak hobetzeko proiektuak: “Helburua argia da: kontuak modu arduratsuan kudeatzea, baina betiere Getariaren etorkizunerako beharrezkoak diren proiektuak bultzatzeko”.
Laburbilduz, Getariako Udalak 2025erako ezarritako aurrekontu-egonkortasun eta finantza-iraunkortasunaren helburu guztiak bete ditu. Datu horiek agerian uzten dute azken urteotan hartutako erabaki ekonomikoak arduraz eta ikuspegi estrategikoarekin egin direla, Udalaren egonkortasuna eta etorkizuneko inbertsio-ahalmena bermatuz.


