Udalak Urola-Kostako Lurraldearen Plan Partzialari ekarpenak egin dizkio.
Egoera berrira egokitzeko helburuarekin Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023. urtean Lurraldearen Plan Partzialaren berrikuspena abian jartzea erabaki zuen.
2024ko urriaren 30ean Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Getariako Udalean sarrera eman zion Urola Kostako Lurralde Plan Partzialaren Aurrerapenaren dokumentuari. 2025eko urtarrilaren 31a arteko epea zegoen dokumentuan oharrak, iradokizunak, ordezko aukerak eta proposamenak aurkeztu ahal izateko.
Getariako Udalak hainbat ekarpen egin dizkio dokumentuari:
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren eta egitasmoaren helburu nagusia ikusirik, lehen ideia bezala esan genezake ez dagoela dokumentuan Getariari eragiten dion proposamen eraldatzaile edo egitasmo berri esanguratsurik.
Horretaz gain, badira hainbat gai kontuan hartu beharrekoak:
- Getariako Arau Subsidiarioak:
norbanakoen iritziez harago, egun ez dago nahiko informazio eta azterketen garapen maila ez da behar adinakoa, Getariaren etorkizuneko hazkundeak zehatz non izango diren esateko. Hori dela eta, jendaurrean dagoen dokumentuak iradokizun edo gomendio bezala jaso beharko luke hiri hazkundearen proposamena.
Hiri Antolamenduaren Plan Orokorarren berrikuspenean, dagozkion azterketa eta hausnarketa prozesuak burutu eta gero, zehaztuko da balizko hazkunde horren kokapen zehatza.
- Errepide sarea:
N-634 errepideari dagokionez, erabat beharrezkoa ikusten da Getaria Zumaia eta Zarautzekin lotuta egotea, bai oinezkoentzat eta baita bizikletentzat ere. Kontuan izan behar da, gainera, aipaturiko N-634 errepidea jasota dagoela Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean, kostako ibilbide bezala.
Beharrezkoa ikusten da GI-3391 errepidearen azterketa sakon bat egitea eta dagozkion neurriak hartzea, batzutan Getariara iristeko bakarra izaten den bide horretatik garraio publiko zein pribatua modu ordenatu eta, batik bat, seguruan pasa ahal izateko.
- Getariako portua:
Getariako portuaren garrantzia bai Gipuzkoa mailan eta, zer esanik ez, eremu funtzionalaren barruan, eztabaida ezin daitekeen kontua da.
2030 agenda eta antzerako egitasmoek isla izan beharko lukete Getariako portuan, ekonomia urdina ardatz duten ekimen berriak proposatuz, herriaren eta eskualdearen sustengu ekonomikoan berebiziko garrantzia izan behar dutenak ez hain urrun dagoen etorkizun baten.
