Gazteek etxebizitzaren alokairu-gastuak ordaintzeko 2026ko dirulaguntza-deialdia zabaldu du Udalak.
18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako laguntzak 9.000 euroko aurrekontua du, eta hilean 300 euro arteko dirulaguntza jaso ahal izango da.
Getariako Udalak gazteek etxebizitzaren alokairu-gastuak ordaintzeko 2026ko dirulaguntza-deialdia zabaldu berri du. Guztira, 9.000 euroko aurrekontua bideratuko da laguntza hauetara, eta Getarian ohiko bizilekua alokairuan duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.
Aurtengo deialdiak hainbat aldaketa dakartza aurreko urteko araudiarekin alderatuta: erroldatze-baldintza bost urtetik hirura murriztea, diru-sarreren mugak handitzea eta hileko gehieneko dirulaguntza 250 eurotik 300 eurora igotzea, besteak beste.
Dirulaguntzaren bidez, hileko alokairuaren %75eraino lagundu ahal izango da, betiere gehienez 300 euro hilean eskatzaile bakoitzeko, eta laguntzaren zenbatekoa diru-sarreren eta aplikatu beharreko baldintzen arabera zehaztuko da.
Baldintzak
Laguntza jaso ahal izateko, besteak beste, 18 eta 35 urte bitartekoa izan behar da, Getarian ohiko bizilekua duen alokairuko etxebizitza batean bizi, eta alokairu-kontratuak gutxienez urtebeteko iraupena izan behar du.
Halaber, Gaztelagun eta Emantzipa programak kontuan hartu beharko dira, udalaren dirulaguntza izaera subsidiarioan eta, hala badagokio, osagarri gisa aplikatuko baita.
2026ko urte osoko alokairu-gastuak
Deialdi honen lehenengo ordainketak 2026ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean ordaindutako alokairu-gastuak hartuko ditu kontuan. Kontratua urte hasieran hasi ez bada, diruz lagundu daitezkeen hilabeteak proportzioan kalkulatuko dira, gainerako baldintzak betetzen badira.
Horrez gain, 2026ko urria, azaroa eta abenduko alokairu-gastuak ere laguntza honen barruan sartuko dira, eta hiru hilabete horiei dagokien dirulaguntzaren ordainketa 2027ko hasieran egingo da, dagozkion gastuak eta ordainagiriak justifikatu ondoren.
Eskaerak aurkezteko epea
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdiaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Dokumentazioa zuzentzea beharrezkoa izanez gero, beste bost egun balioduneko epea izango da.
Eskaera-orria Getariako Udaleko harreran eta udalaren webgunean eskuratu ahal izango da. Eskaera aurrez aurre egin ahal izango da Udaleko harreran, edo telematikoki, ziurtagiri digitalaren bidez.


