Prozesu publiko-komunitarioaren emaitzak eta Getaiko Gaztetxia
Azken 4 hilabeteetan, gazte eta gazte-elkarteekin elkarlanean, eta Tipi kooperatibaren gidaritzapean, prozesu publiko-komunitario bat garatu da. Prozesuaren helburuak, zehazki, herriko gazteen aisialdi ohiturak eta nahiak aztertu eta egungo gaztetxearen lekualdatzeari buruzko lanketa egitea izan dira.
Prozesua irailaren 21ean hasi zen, aurkezpen- eta hitzaldi-saio ireki batekin. Bertan, prozesuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, Gernikako Astra guneko eta Orioko Gaztetxeko ordezkariak etorri ziren, beraien espazioen eta errealitatearen berri ematera. Horrez gain, prozesuaren Talde Motorea eratu zen.
Talde Motorea, hain zuzen ere, Getaiko Asanbladako, GRAKA elkarteko eta Udaleko kideak osatu dute, eta Tipi kooperatibak gidatu ditu egindako saioak. Guztira 5 saio egin dituzte, eta arlo desberdinak jorratu dira saio horietan. Lehenengo saioetan, gazteen parte-hartzearen errealitatearen inguruan aritu ziren; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko datuak ezagutzeaz batera, Getariako datuak aztertu zituzten. Getariako eragileen mapa ere landu dute, eragile horiek egungo espazioarekin zer lotura duten eta espazio berriarekin zer harreman izan dezaketen aztertzeko. Herriko gazteen iritzia eta haien ohituren inguruko datu gehiago jasotzeko, galdeketa bat eta elkarrizketa batzuk ere egin dira. Horrez gain, proiektu-eredu ezberdinak aztertu dituzte, eta azterketa hori lagungarria izan da Talde Motoreak gaztetxearen antolaketaren eta izaeraren inguruko lehenengo erabakiak har ditzan.
Hartutako erabakien artean, Getaiko Gaztetxia elkarte gisa erregistratzeko konpromisoaz gain, aurrerantzean proiektu eta hitzarmen bidez lan egingo dela adostu da. Gaztetxean parte hartzeko modu ezberdinak ere definitu dira: Gaztetxeko Asanblada, asanblada irekiak, auzolanak eta laguntza sarea.
Eskualtxeta eraikinean alokairu sozialeko etxebizitzak egingo direnez, egungo Gaztetxea ez da espazio bideragarria, eta beste leku bat behar da. Azken hilabeteetan, Udala herriko zenbait gune aztertzen ibili da, eta horretan dabil oraindik. Bileran azaldu zen moduan, Getariako turismo-bulego zaharra izan daiteke aukera bat. Momentuz, itokinak direla eta, konponketa-lanak egin behar dira, eta, horretarako, 30.000 € jarri ditu Udalak. Bestalde, 2025eko aurrekontuan, 224.000 €-ko partida bat bideratu da, espazio berri horri irtenbidea emateko helburuarekin.
Udalak prozesuaren balorazio positiboa egin du, izan ere, prozesuari eta Talde Motorea parte izan den dinamikaren esker, inplikatu guztien iritzi, arazo, behar eta nahiak mahai gainean jarri dira, eta honek erabakiak hartzeko balio izan du. Aurrera begira, bai Udalak eta baita Getaiko Asanblada eta GRAKAk elkarlanean jarraituko dute hartutako erabakiak lantzeko.


