Memoria, itsasoa eta etorkizuna uztartzen ditu 2026ko Lehorreratzearen kartelak.
Juan Sebastian Elkanoren heriotzaren 500. urteurrena ardatz duen kartela aurkeztu dute gaur Haritz Alberdi alkateak, Arkaitz Barriola sortzaile eta diseinatzaileak eta Jaione Larrañaga zinegotziak. Lanak Elkanoren bizitza, ondarea eta mundu bira irudi sinboliko eta koloretsuen bidez irudikatzen ditu.
Getariak gaur aurkeztu du 2026ko abuztuaren 7an ospatuko den Elkanoren Lehorreratzearen kartel ofiziala. Arkaitz Barriola sortzaile eta diseinatzaileak, BATUTA sormen estudiotik, sortu du aurtengo irudia, eta Juan Sebastian Elkanoren heriotzaren 500. urteurrena hartu du inspirazio iturri eta ardatz nagusitzat.
Kartelaren leloa “Elkano, 500 urte joan… eta itzuli” da. Izan ere, aurtengo abuztuan bost mende beteko dira Elkano hil zenetik, baina urteurrenak ez du iraganeko gertakari baten amaiera soilik gogorarazi nahi. Aitzitik, Elkanoren ondarea gaurkotu, haren balioak berrirakurri eta historiatik abiatuta etorkizunari begiratzeko gonbidapena egiten du. Horregatik, kartelak memoria eta etorkizuna uztartzen ditu, Getariaren historiari lotutako begirada garaikide baten bidez.
Elkanoren figura, kartelaren erdigunean
Urteurren berezi horren harira, Elkano bera bihurtu da kartelaren erdigune eta elementu nagusi. Barriolak itsasgizon getariarra historiaren, itsasoaren eta herri nortasunaren ikur gisa irudikatu du, lehen mundu biraren balentria eta haren ondarea irudi bakarrean uztartuz.
Kartelaren elementu esanguratsuenetako bat Elkanoren testamentu originala da. Egileak azaldu duenez, dokumentu horretan gaur egun Getariaren ikur diren bi parrillak ere aipatzen dira. Horregatik, testamentuaren idatzia erabili du bidaiaren borobila osatzen duen testura gisa, iragana eta oraina lotzen dituen hari bisual modura.
Itsasoarekin bat egindako Elkano
Kartelaren irudi nagusian, Elkano itsasoarekin bat eginda ageri da. Haren bizarra olatuen zurrunbilo bihurtzen da, itsasgizonaren eta ozeanoaren arteko lotura estua irudikatzeko.
Era berean, diseinuak lehen mundu biraren iraupena eta gogortasuna ere gogora ekartzen ditu. Borobil urdin ilunak gau amaigabeak irudikatzen ditu, eta eguzkiak itsasoan igarotako egun luzeak. Garai hartako marinelek zeruari, ilargiari eta izarrei begira orientatzen ziren; horregatik, naturaren ezagutzan oinarritutako nabigazioaren ideia ere presente dago kartelean.
Barriolak azaldu duenez, Elkanoren erretratu historikoa baino gehiago, itsasoarekin eta naturarekin harreman estua zuen pertsona baten irudia erakutsi nahi izan du.
Mundu zabalarekin topo
Lehen mundu biran zehar, espedizioko kideek itsasoak ez ezik, kultura, lurralde eta errealitate berriak ere ezagutu zituzten. Esperientzia horiek ere islatu nahi izan ditu egileak kartelaren hainbat elementuren bidez.
Horren erakusgarri da balea, itsaso zabalaren zaindari edo errege gisa irudikatuak; baita kanela, animalia exotikoak eta munduko beste toki batzuetako pertsonak ere. Elementu horiek guztiak espedizioak ekarri zituen ezagutzen, harremanen eta trukeen sinbolo dira.
Ospakizun koloretsu baterako gonbidapena
Egileak azaldu duenez, kartela modu koloretsu eta alaian osatu nahi izan du. Izan ere, bidaia gogorra izan bazen ere, Elkanoren Lehorreratzeak herriko seme baten itzulera eta historiako balentria handienetako baten amaiera ospatzen ditu.
Aldi berean, aurtengo kartelak eta haren leloak mezu argi bat zabaltzen dute: Elkanoren ondarea ez da iraganeko kontakizun bat soilik, gaur egun ere Getariaren nortasunaren parte den ondare bizia baizik. Horregatik, heriotzaren 500. urteurrena oroimen ariketa hutsetik harago ulertu nahi da, historiatik ikasi eta etorkizunari begiratzeko aukera gisa.
Abuztuaren 7ko Elkanoren Lehorreratzea urteurren hori gogoratzeko mugarri nagusietako bat izango da Getarian. Historiaren, kulturaren eta herri nortasunaren arteko lotura ospatzen duen ekitaldiaren espiritua jasotzen du Arkaitz Barriolak sortutako kartelak, bere leloaren bidez iraganaren eta etorkizunaren arteko zubia eraikiz: “Elkano, 500 urte joan… eta itzuli”.
** Bestalde, gogorarazi Elkanoren Lehorreratzea antolatzeko eta gauzatzeko bolondresak behar direla. Parte hartu nahi duten herritarrek Getariako Turismo Bulegoan eman dezakete izena.


