Martxan da herriko armarria eguneratzeko lanketa.
Non du jatorria gure herriko armarriak? Zer bilakaera izan du historian zehar? Zer osagai ditu? Betetzen al ditu heraldikaren arauak? Egokia al da?
2023. urtean Euskaltzaindiak Getarian egin zuen ekitaldi baten ondorioz hasi zen Getariako Udala herriko armarria gainbegiratzen. Ekitaldi hartan, Euskaltzaindiaren zutoihalaren ondoan, Getariako estandartea jarri behar zen; estandarteak, ordea, gaztelaniaz idatzitako hitzak zituen, eta, udal-ordezkarien iritziz, ez zen egokia herria irudikatzeko ikur nagusia gaztelaniaz egotea, are gutxiago euskara zaindu, aztertu, zabaldu, batu eta hobetzea helburu duen hizkuntza-akademia ofizialaren ekitaldi batean. Hala, hitz horiek euskaratzeari ekin zitzaion.
Beste hainbat gairekin gertatzen den bezala, herriko armarrian egin beharreko aldaketa guztiek Udalbatzarraren oniritzia izan behar dute lehenbizi, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena, gero. Gauzak horrela, gutxieneko aldaketa horiek egitea ezinbestekoa zela iritzita, eta Gipuzkoako beste zenbait herritan egiten ari diren bideari segida emanez, Getariako armarriaren nondik norakoak aztertzea erabaki zuen Udalak.
Getariako armarriaren azterketa egiteko, Euskal Herriko erakunde zientifiko-kultural ezagun eta prestigiodun ezagunenetariko batera jo zuen Udalak: Eusko Ikaskuntzara. Hala, erakunde horrek gaian aditua den Rosa Ayerbe EHUko Zuzenbidearen Historiako irakasle titularra eta 2008ko Heraldikako Sari Nazionala jaso zuenari eskatu zion armarria aztertzeko lana. Horrez gain, Ayerberen azterketa oinarri hartuta, armarriaren irudia egiteko eskatu zitzaion Eneritz Tirados herritarra eta diseinu grafikoan adituari.

Adituek txosten banatan (TXOSTENAK_EUS_B) (TXOSTENAK_GAZT_B) jaso dituzte beren ondorioak eta proposamenak, eta 2024ko abenduan egindako Batzorde Informatiboan eman zizkieten aipatu ondorio eta proposamenei buruzko azalpenak zinegotzi guztiei, baita haien galdera eta ekarpenei erantzun ere. Txostenean ikus daitekeen bezala, Getariako armarriak historian zehar aldaketak jasan ditu eta gaur egun ezagutzen dugunak 1988an eman zituen lehen urratsak. Armarriak erdian oinarrizko elementuak izateaz gain inguruan hainbat osagaiz osatuta dago: Apaingarri horietako bat armarria koroatzen duen errege-koroa irekia da (zuzenean erregearen menpekoak zirela adierazten du eta irekiak edo itxiak izan daitezke, Austriako edo Borbonako monarkia ordezkatuz). Haren gainean dago Lurraren irudikapena, “Primus circundidisti me” goiburua daraman bandarekin eta bi irudi begetalek babestuta. Irudi horiek gizonezko beste bi irudiren gainera erortzen dira, bata eskuinean eta bestea ezkerrean. Gizonezko irudi horiek jantzita eta koroatuta daude, eta ezpata eta adarra dituzte eskuetan; armarria babesten ari dira, eta oinetan banda flotatzaile bat dute, honako goiburu honekin: NOBLE, LEAL E INVICTA VILLA DE GUETARIA (“Noble y Leal” erregeek hiribilduei emandako titulua da. 1525an Carlos I Donostiari eman eta gero herriei zabaldu zitzaiena. Eta “Invicta” Koroari zerbitzu militarrak egiteagatik emandakoa, mugako edo kostaldeko beste herri batzuei bezala)
Rosa Ayerberen arabera, egungo Getariako armarriak ez ditu betetzen heraldikako arauak eta sinplifikatzera joan behar da. Hori dela eta, haren proposamena da hamarkadetan herriaren esentziari eutsi dion eta hura transmititu duen oinarrizko armarrira itzultzea, heraldikaren arauak betez, noski. Hala, ezaugarri hauek izan behar ditu armarri berriak:
- Armarriaren erdian, elementu nagusitzat, arpoidun euskal balea.
- Itsasoa/uhinak (olatuak).
- Armarri hispanikoaren forma.
- Koloreei dagokienez, berriz, hiru proposamen izango dira aukeran, herritarrek boto bidez aukeratzeko; hain zuzen ere, otsailean izango da horretarako aukera. Hona hemen, hiru aukerak:
Herritarren erabakia Udalbatzarrak berretsi beharko du. Ondoren, aldizkari ofizialean argitaratuz jarriko da jendaurrean, eta, gero, Aldundiak herriaren erabakia ontzat eman beharko du.
Beraz, hona hemen datozen asteetako hitzorduak:
- Urtarrilaren 29an, 18:30ean: Egindako lanketaren aurkezpen-hitzaldia Zarautz Jauregian.
- Otsailaren 7tik 9ra: Bozketa-egunak Udaletxean. (Getarian erroldatuta dauden 12 urtetik gorako herritarrek)
- Otsailak 7, 18:00-20:00
- Otsailak 8, 11:00-13:00
- Otsailak 9, 11:00-13:00
*6-12 urte arteko haurrek eskolan bertan emango dute bozka.
