Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

GETARIAKO UDALAK ERAIKIN PUBLIKOEN BEHAR ENERGETIKOA ETA AUTOKONTSUMO ELEKTRIKOEN BIDERAGARRITASUNA AZTERTUKO DU

otsaila / 03, 2021

Ast, 03/02/2021 – 16:24

Getariako Udalak eraikin publikoen behar energetikoa eta autokontsumo elektrikoen bideragarritasuna aztertuko du.

Getariako Udala Goiener Taldeko eta Nafarkoop energia kooperatibako bazkide egin zen 2020. urtean, besteak beste, ingurumena errespetatzen duen eta bidezkoa den energia-eredura aldatzeko. Goiener Taldea eredu energetikoa aldatzearen alde diharduen kooperatiba da, irabazi-asmorik gabekoa. Bazkideei % 100 energia berriztagarria saltzen die, eta energia berde propioa sortzen du. Nafarkoop kooperatiba, bestalde, energia berriztagarrien proiektuetan inbertsioak egiteko sorturiko lanabes juridikoa da, eta Goiener Taldearen baitan sartzen da.

Energia-eraginkortasunerako bidean beste urrats emate aldera, Nafarkoop kooperatibarekin harremanetan jarri zen Getariako Udala, autokontsumo elektriko batzuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomia aztertzeko. Hala, kooperatibarekin egindako hitzarmenari esker, energia-eraginkortasuna sustatu eta energia berriztagarriak martxan jartzeko ikerketa bat abiatuko du Udalak datozen asteetan.

Ikerketaren baitan, lan-lerro hauek izango dira:

  • Udal-titulartasuna duten 32 hornidura elektrikoen azterketa egingo da.

  • Behar energetikoak asetuko lituzketen autokontsumo bakaneko edo partekatuzko instalazioen aukerak aztertuko dira: eguzki-instalazio fotovoltaikoen kokapena eta eguzki-irradiantziaren analisia, aukeratutako kontsumo-puntuen kokapenaren azterketa…

  • Bideragarritasun-azterketa egingo da, proposamena bideragarria izan daitekeen ikusteko.

Ikerketa burutu ondoren, ateratako ondorioak biltzen dituen memoria aurkeztuko dio Nafarkoop kooperatibak Getariako Udalari, eta, hain zuzen ere, memoria hori izango da aurrerantzean egin beharreko urratsen oinarria.

Ikerketa-lanak bi hilabete iraungo du, eta 3.374,69 euroko aurrekontua izango du. Ohikoa den bezala, Foru Aldundiak arlo honekin lotuta urtero atera ohi dituen diru-laguntzen eskaera egingo du Udalak.