Getariako liburutegia berrituak gaur zabaldu ditu ateak.
Martxoaren 31n itxi ondoren, liburutegia berritzeko lanetan aritu gara udal brigadako langileak, altzarien muntaketako taldea eta liburutegiko langileak elkarlanean. Altzari zaharrak kendu eta berriak jarri ditugu, eta aukera baliatuta paretak margotu eta liburutegiko funtsa berrantolatu dugu. Egindako lanetarako 15.465,16 euroko aurrekontua bideratu da, 2026ko aurrekontuetan aurreikusitako partidaren bidez. Esku-hartze honen bidez, liburutegia argitsuagoa, gaur egungo irizpideetara egokituagoa eta irisgarriagoa bihurtu da.
Antolaketa berriari dagokionez, haur eta gazteen atalean orain arteko egitura mantenduko da. Helduen atalean, berriz, euskarazko narratiba eta poesia bateratu ditugu; horrela, irakurleek letra bakoitzean bi generoetako liburuak aurkitu ahal izango dituzte. Gaztelaniazko nahiz beste hizkuntzetako narratiba bere horretan mantendu da, eta aldaketa handiena erreferentziazko liburuen atalean egin dugu.
Gordetzea erabaki dugun funtsa 8 ataletan banatu dugu: Txoko Morea, Zaintza eta Sukaldaritza, Bira (itsasoa, bidaiak, abenturak…), Mundua (politika, ekonomia, filosofia, gizarte-antolaketa, historia…), Euskal Herria (historia, politika, euskara, tradizioa…), Natur Zientziak, Kultura, eta Mendia eta Kirola.
Liburutegiak gaurtik aurrera ateak zabalik ditu berriro ere. Gainera, nahi duen ororentzat liburutegiaren antolaketari eta sareko katalogoaren funtzionamenduari buruzko azalpen-saioak eskainiko dira apirilean zehar: astearte arratsaldeetan, 17:30ean, eta asteazken goizetan, 11:30ean.
Getariako Udala oso eskertuta dago berritze-lanetan jardun duten langile guztiek egindako ahaleginagatik, eta herritarrei dei egiten die guztiona den espazio hau erabiltzera, ezagutzera eta gozatzera.


