Getariako emakumeen historia berreskuratzeko ikerketa aurkeztu da.
Getariako Udalak sustatutako Getariako Emakumeen Memoria Historikoa berreskuratzeko ikerketa-bekaren baitan, Aro Berriko Getariako emakumeen errealitatea artxiboen bidez (XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendea) izeneko ikerketa lana aurkeztu da. Lana Osane Amiano Galdosek burutu du, 4.000 euroko diru-laguntzari esker, eta udalerriaren historia genero-ikuspegitik berrirakurtzea du helburu.
Beka hau Getariako Udalaren Berdintasun Planaren (2023–2026) barruan kokatzen da, eta helburua da Getariako emakumeek historian izan duten ekarpena ikertu, dokumentatu eta herritarrei ezagutaraztea, orain arte bigarren planoan geratu diren kontakizunak azaleratuz.
Ikerketak Aro Berriko Getaria aztertzen du, itsasoari estuki loturiko herria izan zen garaian. Arrantzak, bale ehizak eta merkataritza atlantikoak gizonen absentzia luzeak eragiten zituzten testuinguruan, emakumeek etxearen, familiaren eta ondarearen kudeaketa bere gain hartu zuten sarritan, eta erabaki ekonomiko eta sozial garrantzitsuak hartu zituzten komunitatearen biziraupena bermatzeko.
Azterlanak erakusten du etxea izan zela garaiko gizartearen oinarria, unitate ekonomiko, sozial eta sinboliko gisa, eta emakumeek funtsezko zeregina izan zutela haren antolaketan. Dotea, esaterako, ez zen soilik ezkontzari loturiko baldintza bat, baizik eta familia-estrategia baten parte, ondasunen transmisiorako eta aliantzak sendotzeko tresna.
Arlo juridikoan emakumeen egoera mugatua bazen ere, artxiboek agerian uzten dute askok jarduteko bideak aurkitu zituztela: pleituetan parte hartu zuten, dohaintzak egin zituzten, zentsuak sortu eta ondareak administratu zituzten, bereziki alargun geratutakoan. Aztertutako kasu zehatzen bidez, ikerketak erakusten du emakumeak ez zirela talde homogeneoa, eta haien bizipenak egoera sozialaren, ekonomikoaren eta bizi-ibilbideen arabera aldatu zirela.
Lan honek, azken finean, Getariako historiaren ulermen osatuagoa eskaintzen du, emakumeak bigarren mailako figurak izan beharrean, komunitatearen funtzionamenduan subjektu aktibo eta erabakigarriak izan zirela agerian utziz.
Lana hemendik jaitsi daiteke: Aro-Berriko-Getariako-emakumeen-errealitatea-artxiboen-bidez-XVI.mendearen-amaiera-eta-XVII.mendea.pdf


