Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Artzapeko memoria berriz ere herritarren esku.

ekaina / 12, 2026

Getariako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak sustatutako proiektuak Artzapeko memoria, ondarea eta erabilera berriz ere herritarren eskura jarri ditu

 Santos Bregañaren esku-hartzearen bidez

Getariako Artzape eremuak irudi berritua hartu du Santos Bregaña artistaren esku-hartzeari esker. Getariako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak sustatutako proiektuaren bidez, herritarrentzat hain esanguratsua den espazio honetan memoria kolektiboa, itsas ondarea eta arte garaikidea uztartzen dituen obra artistikoa instalatu da.

Obraren abiapuntua Artzapeko petrilean belaunaldiz belaunaldi errepikatu zen keinu xume baina adierazgarria izan da: arrantzaleek bertan zorrozten zituzten labanak, itsasoari begira, arrantzara irteteko unea itxaroten zuten bitartean edo eguneroko kontuez solasean ari zirela. Harriaren eta labanaren arteko igurtzi horretan oinarrituta, Bregañak metala, harria, idazkera eta musika uztartzen dituen proposamen artistikoa garatu du.

Getariako alkate Haritz Alberdiren hitzetan, “Artzapen ez dugu iragana monumentu bihurtu nahi izan; herritarren egunerokoarekin lotuta mantendu nahi izan dugu. Horregatik, memoria hau ez da bakarrik ikusten; ukitu, irakurri eta erabili ere egin daiteke. Herriaren historiaren zati bat gaur egungo belaunaldien eskura jarri dugu, bizi-bizirik mantentzeko”.

 

Artzape eta harresiaren memoria

Artzape Getariako itsas historiaren parte da, mendeetan zehar bertan elkarlotu baitira harresia, moila eta eguneroko bizitza. Ez da herriaren bazter soil bat; joan-etorrirako, itxaroteko eta itsasoari begira egoteko lekua izan da belaunaldiz belaunaldi. Gaur egun ikus daitekeen petrila ez da jatorrizko harresia, XX. mendearen hasieran moila berritzeko lanekin eraikitakoa baizik, baina horrek ez dio lekuari baliorik kentzen; alderantziz, Getariaren historiari beste geruza bat gehitzen dio.

Arrantzaleen aztarnatik abiatutako obra

Belaunaldiz belaunaldi, arrantzaleek petrila erabili zuten labanak zorrozteko, solasean aritzeko eta itsasoaren egoerari adi egoteko. Keinu xume baina etengabe horrek arrastoa utzi zuen harrian, eta arrasto horretatik abiatu da Bregaña obra sortzeko. Artistak ez ditu arrantzaleak zuzenean irudikatu; erabileran eta memorian oinarritutako irakurketa garaikidea proposatu du.

Lau eskultura, musika eta hitza espazio berean

Harresiaren mendebaldean kokatutako eskultura-multzoa brontzezko lau piezak osatzen dute. Forma higatu eta leunduek haitzak, itsasoko aztarnak, animalien hezurrak edo amarratze-elementuak ekartzen dituzte gogora. Irudi irekiak dira, interpretazio anitzetarako bidea ematen dutenak, eta ingurunean modu naturalean integratzeko diseinatuak.

Obraren beste osagai nagusietako bat Tomas Garbizuren Getaria piezaren partituratik abiatuta sortutako esku-hartzea da. Horman grabatutako lerroak musikaren adierazpen grafikoa eskaintzen du, horma bera partitura bihurtuz eta musika ukimenaren bidez ere bizitzeko aukera emanez.

Kare-harria eta ondare bizia

Proiektuaren berezitasunetako bat da ez dela iraganeko ohitura bat gogoraraztera mugatzen. Obran txertatutako kare-harrizko elementuek aukera ematen dute gaur egun ere labanak zorrozteko, Artzapeko arrantzaleek urte luzez egin zuten bezala. Horrela, esku-hartzeak herritarrak eta bisitariak keinu historiko hori berriro egitera gonbidatzen ditu, herriaren itsas memoria bizirik mantenduz.

Haritz Alberdik azpimarratu duenez, “ondarea zaintzea ez da soilik kontserbatzea; erabiltzen jarraitzea ere bada. Horregatik, herritarrak eta bisitariak animatu nahi ditugu Artzapeko kare-harrian berriro ere labanak zorroztera, belaunaldiz belaunaldi transmititu den keinu xume baina esanguratsu horri jarraipena emanez”.

Iturzaeta, Lamia eta Jon Maia

Obrak Jose Frantzisko Iturzaeta getariarraren ondare grafikoari ere egiten dio aitortza. Lamia tipografiaren bidez egindako idazkunak herriaren memoria idatzia eta ondare kulturala ekartzen ditu gaur egunera, paisaiaren parte bihurtuta.

Bestalde, Jon Maiaren hitzek ematen diote azken esanahia obrari: «Harriak mintzo dira gutaz, itsasoak zorroztutako herriaz». Esaldi horrek bikain laburbiltzen du proiektuaren funtsa: itsasoak eta denborak moldatutako komunitate baten historia eta izaera harrian, hitzean eta memorian gordetzen direla.

Memoria irakurri, ukitu eta erabiltzeko

Proiektuaren ekoizpena Alfa Arte euskal galdategiaren laguntzarekin gauzatu da, piezen kalitatea eta iraunkortasuna bermatuz. Emaitza ez da monumentu bat, baizik eta herritarrek irakurri, ukitu eta erabiltzeko moduko espazio bizia.

Getariako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren arteko lankidetzaren emaitza den esku-hartze ho

nek Artzapeko ondarea eta memoria kolektiboa indartu ditu, iragana gaur egungo sorkuntzaren bidez berrinterpretatuz eta herritarren eguneroko erabilerarekin lotuta mantenduz. Horrenbestez, Artzape ez da soilik iraganaren lekuko; gaur egun ere herritarren topagune, oroimen-gune eta erabilerarako espazio izaten jarraitzen du.

Proiektuaren inguruko informazioa HEMEN aurki daiteke.