Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako Udalak lau lanpostu eskainiko ditu gazteentzat.

urria / 28, 2026

Azken urteetan bezala, Udalak Lanbideren dirulaguntza lortu du lau gazte kontratatzeko, 12 hilabeterako. Kontratazioek hirigintza, idazkaritza, administrazioa eta turismo eta kultura arloetako lana indartuko dute.

Getariako Udalak lau lanpostu eskaintzen ditu gazteak kontratatzeko, Lanbideren 2026ko dirulaguntza-deialdiaren barruan. Azken urteetan lortutako laguntzari jarraipena emanez, Udalak gazteen laneratzea sustatzen jarraituko du, eta, aldi berean, udal-zerbitzuetako hainbat arlo indartuko ditu.

Lau kontratuek 12 hilabeteko iraupena izango dute, lanaldi osoan. Eskainitako lanpostuak honako hauek dira:

  • Hirigintzako aparejadorea edo arkitekto teknikoa: Hirigintza-arloan laguntza teknikoa ematea eta udal-proiektu eta jarduketen garapenean laguntzea.
  • Idazkaritzako administrazio orokorreko teknikaria: Administrazio orokorreko zereginetan laguntzea, besteak beste, dirulaguntzen, aurrekontuen eta kontratazio-prozeduren kudeaketan.
  • Harrerako administraria: Herritarren harreran eta administrazio-lanetan laguntzea, datu-baseak eta errolda kudeatzea eta udaleko informatika- eta teknologia-laguntza indartzea.
  • Turismo eta Kulturako Administrazio Orokorreko teknikaria: turismoaren arloan laguntza teknikoa ematea, harrera eta herritarren arreta egitea, sarreren kudeaketaz eta erabiltzaileei informazioa emateaz arduratzea, Elkano Museoko eta kriptako bisita gidatuak kudeatzea, kulturako dirulaguntzak kudeatzea eta Udalak eskatutako dirulaguntzak justifikatzen laguntzea. Oro har, turismo eta kultura arloetako laguntza teknikoa ematea.

Lan-baldintzak eta hautagaitzak

Lau lanpostuek 12 hilabeteko iraupena izango dute, lanaldi osoan, 08:00etatik 15:00etara. Lanpostu bakoitzak bere titulazio- eta gaitasun-baldintzak izango ditu, eta euskararen C1 maila eskatuko da.

Hileko soldata gordina 1.999,50 eurokoa izango da hirigintzako, idazkaritzako eta turismo eta kulturako lanpostuetan; harrerako administrariaren kasuan, berriz, 1.571,04 eurokoa. Ordainsariak 14 pagatan banatuko dira.

Hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 6an amaituko da. Interesa duten pertsonek Lanbideren bidez kontsultatu ahal izango dituzte eskaintzak eta hautaketa-prozesuari buruzko informazioa.

Lanbideren dirulaguntza

Getariako Udalak 146.613,99 euroko dirulaguntza jaso du Lanbideren eskutik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 EGF Plus programaren esparruan, toki-erakundeek gazteak kontratatzeko 2026ko deialdiaren barruan.

Azken urteetan bezala, laguntza horri esker, gazteen lan-aukerak sustatu eta udalaren eguneroko jardunean beharrezkoa den laguntza teknikoa eta administratiboa indartuko ditu Udalak.