Zabalik dago 2027ko aurrekontu parte-hartzaileetan ekarpenak egiteko epea
Getariako herritarrek urriaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dituzte datorren urteko aurrekontuetarako proposamenak, online edo udaletxeko bulegoetan. Horrez gain, auzo-bilerak egingo dira urriaren 26an Askizun eta urriaren 27an Miakon.
Getariako Udalak 2027ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesua jarri du martxan, herritarrek udalerriaren etorkizunari buruzko ideiak eta proposamenak aurkez ditzaten. Ekimen honen bidez, getariarren iritziak eta beharrak jaso nahi dira, herria hobetzeko lehentasunak guztion artean lantzeko.
Ekarpenak egiteko epea urriaren 14tik 26ra egongo da zabalik. Herritarrek online galdetegiaren bidez edo udaletxeko bulegoetan, paperean, aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak. Galdetegiak hainbat arlo lantzen ditu, besteak beste, berdintasuna eta partaidetza, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, hirigintza eta ingurumena, kirola, kultura eta euskara, tokiko garapena eta gazteria.
Horrez gain, auzoetan bilera irekiak egingo dira, herritarren ekarpenak zuzenean jasotzeko eta auzo bakoitzaren beharrak ezagutzeko:
- Urriak 26, 20:00etan: Askizuko Elkartean.
- Urriak 27, 20:00etan: Miako Elkartean.
Getariako Udalak herritarrak parte hartzera eta beren proposamenak aurkeztera gonbidatzen ditu, 2027ko aurrekontuak Getariaren eta getariarren beharretara egokitzen laguntzeko.


