Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako Udalak Egonaldi Turistikoen gaineko Zergaren Ordenantza Fiskala onartu du.

urria / 03, 2026

Zerga 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da, eta Udalak informazio-gutuna bidaliko die herriko ostatu-establezimenduei.

Getariako Udalbatzak irailaren 29an Egonaldi Turistikoen gaineko Zergaren Ordenantza Fiskala onartu du, EH Bilduaren aldeko 6 bozka eta EAJren 5 abstentziorekin. Zerga berria 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da, eta Getarian egiten diren turismo-egonaldiei eragingo die.

Ordenantza Gipuzkoako Lurralde Historikoko Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga arautzen duen 3/2026 Foru Arauak ezarritako esparruaren barruan prestatu da. Udalak, horren harira, informazio-gutuna bidaliko die herriko ostatu-establezimenduei, zerga berriaren ezaugarriak eta kudeaketari lotutako betebeharrak azaltzeko.

Zerbitzu turistikoak finantzatzen laguntzeko baliabide bat

Egonaldi Turistikoen gaineko Zergak Getariara bisitari ugari etortzeak dakartzan beharrei erantzuteko Udalak martxan jartzen dituen zerbitzu eta baliabideak finantzatzen lagunduko du.

Turismoak udalerrian duen eraginari erantzuteko, Udalak hainbat zerbitzu eta jarduera garatzen ditu urtean zehar, eta bisitarien etorrerak udalerriari ere hainbat behar sortzen dizkio. Zerga berriaren bidez lortutako baliabideek behar horiei aurre egiten eta bisitarien etorrerari lotutako udal-zerbitzuak finantzatzen lagunduko dute.

Helburua, beraz, turismoaren jarduerak udalerrian sortzen dituen beharrei erantzuteko baliabideak indartzea da, Getariak urte osoan eskaintzen dituen zerbitzuak eta espazio publikoak behar bezala kudeatzen jarraitzeko.

Zein ostaturi eragingo dio?

Zergak Getariako udalerrian egiten diren egonaldi turistikoak hartzen ditu barne, gaualdia eginda zein egin gabe.

Besteak beste, hotelak, pentsioak, apartamentu turistikoak, kanpinak, nekazaritza-turismoko establezimenduak, landetxeak, aterpetxeak, bestelako ostatu turistikoak eta erabilera turistikoko etxebizitzak sartzen dira. Getariako portuan geldialdia egiten duten itsas gurutzaontzi turistikoak ere zergaren barruan daude.

Zein izango dira tarifak?

Zerga egonaldi-unitate bakoitzeko aplikatuko da, ostatu-motaren arabera. Tarifa nagusiak honako hauek dira:

Ostatu mota Egonaldi-unitateko tarifa
5 izarreko hotela edo baliokidea 6,50 €
4 izarreko hotela 5,50 €
3 izarreko hotela 3,50 €
2 izarreko hotela 2,50 €
1 izarreko hotela 1,75 €
Pentsioa 1,75 €
Apartamentu turistikoa 3,50 €
Kanpina 1,75 €
Nekazaritza-turismoa 1,25 €
Landetxea 1,75 €
Aterpetxea 1,75 €
Beste ostatu turistiko batzuk 3,50 €
Erabilera turistikoko etxebizitza 6,50 €
Gurutzaontzi turistikoa 7,00 €

Zergadun bakoitzeko eta establezimendu berean egindako egonaldi jarraitu bakoitzeko gehienez sei egonaldi-unitate zenbatuko dira.

Zein egonaldi daude salbuetsita?

Ordenantzak hainbat salbuespen jasotzen ditu. Besteak beste, 18 urtetik beherakoen egonaldiak, gizarte-turismoko programen barruko egonaldiak, desgaitasun edo mendekotasun egoerak, ikasketa edo ikerketa arrazoiak, osasun-arrazoiak eta ezinbesteko egoerek eragindako egonaldiak.

Salbuespen horiek aplikatzeko, dagokion egoera egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Nola kudeatuko da zerga?

Ostatu-establezimenduaren titularrak izango dira zergaren ordezkoak eta Udalaren aurrean autolikidazioa aurkeztu eta dagokion zenbatekoa ordaindu beharko dute. Likidazioa hiru hilean behin egingo da.

Gipuzkoan 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga. Zerga kudeatzeko beharrezko garapen teknologikoa IZFEk, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Informatika Elkarteak, egingo du, ostalaritza-establezimenduek zerga deklaratu eta udalek kudeatu ahal izan dezaten.

Noiz hasiko da aplikatzen?

Zergak 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak. Hala ere, 2026ko otsailaren 5a baino lehen egindako erreserbei dagozkien egonaldiei ez zaie zerga aplikatuko.

Udalak, horrez gain, informazio-gutuna bidaliko die herriko ostatu-establezimenduei, zerga berriaren aplikazioari eta kudeaketari buruzko informazio praktikoarekin.