Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Salbatore jaien balorazio oso positiboa egiten du Udalak.

abuztua / 10, 2026

Getariako Udalak benetan balorazio positiboa egin du aurtengo Salbatore Jaien inguruan.

Festak abuztuaren 1ean hasi ziren, herriko gazte eta familiei zuzendutako Ginkana arrakastatsuaren V. edizioarekin. Abuztuak 2an berriz, Salbatore Pilota Txapelketaren finalek harrera ederra izan zuten.

Abuztuak 5 eta 9 bitartean ekitaldiz betetako programaz gozatzeko aukera izan dute Getariarrek. Ekitaldi jendetsuenen artean Elkanoren Lehorreratzea nabarmenduko genuke, milaka pertsonek hartu zuten herria eta ehundik gora herritarrek parte hartzen duten duten antzezpen hunkigarriaz gozatzeko aukera izan zuten. Nabarmentzekoa ere, Lehorreratzean aurtengo berrikuntzek jasotako harrera positiboa. Urteroko legez, Marmitako Txapelketak ere ehunka herritar bildu zituen mahaiaren inguruan, giro eta umore ezin hobeaz gozatuz.

Aurten, Getariako Arraun Elkartearen 50. urteurrenaren harira, lehen aldiz Batel Txapelketa herrikoia jokatu da eta 100 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute bertan. Ikusmin handia sortu du eta harrera ezin hobea izan du ekimenak.

Gastronomia oinarri duten hamaika ekintza ere ospatu dira: tortilla edo paella txapelketa, Hegaluzea eta Txekorra parrilan, Marmitako Txapelketa, Herri Bazkaria… eta giro aparta sortu dute herritar nahiz bisitarien artean.

Musika emanaldien artean azpimarratzekoak Korrontziren “Mundua Dantzan” emanaldia eta bertan parte hartu zuten Gure Txeruko haur, gazte eta dantzari helduen lan ederra. Herriko Banda, txistulari, bertaratutako txaranga eta kontzertuek ere aparteko giroa sortu dute herriko kale nahiz frontoian.

Udalaren aldetik, nabarmendu nahi genuke egun hauetan zehar bizi ahal izan dugun errespetuzko giro ederra. Jaiak lasaitasunez eta errespetuz aurrera eraman dira, askatasuna eta berdintasuna oinarri hartuta.

Azkenik, Udaletik aitortu eta eskertu nahi dugu udal langileen zein herritar boluntarioen ezinbesteko lana. Euren ahalegin, profesionaltasun eta konpromisorik gabe, ezinezkoa litzateke honelako festa programa partehartzailea aurrera eramatea. Jarraitu dezagun, guztion artean, berdintasunean, errespetuan, askatasunean eta herritarren parte-hartzean oinarritutako jai eredu euskaldun hau indartzen.

Gora Getaria!

 

Bidebatez nabarmendu, baldintza metereologiko edota arazo teknikoengatik egin gabe geratu diren haurrei zuzendutako 2 ekintzak abuztuan edo irailean aurrera eramaten saiatuko garela.