Getariak horma-irudi berria du, herriaren nortasuna kolorez berrinterpretatzen duena.
Nextor Otaño / Nexgraff artistak egindako artelanak itsasoa, arrantza, portua, moda eta Getariako eguneroko irudiak uztartzen ditu. 16.494,50 euroko kostua izan du, BEZ barne.
Getariak horma-irudi berri bat du, herriaren nortasunari eta iruditeria bisualari lotutako elementuak begirada garaikide batetik berrinterpretatzen dituena. Nextor Otaño / Nexgraffen artistak egindako lana Larrakotarrek eskainitako etxeko horman kokatu da, eta kalean artea eta kolorea zabaltzeko Udalak egiten duen apustuaren barruan kokatzen da.
Artelanaren abiapuntua Getariako iruditeria bisuala da: itsasoa, portua, atunontziak, hegaluzea, arrantza-tradizioa, Balenciagaren presentzia eta Katu Kalea. Elementu horiek ez dira modu dokumental edo literalean erakusten; artistak irudiak zatitu, errepikatu eta gainjarri egiten ditu, konposizio ireki eta garaikideagoa sortuz.
Figurak, ontziak, kolore-eremuak, forma geometrikoak eta katuaren presentzia uztartzen dira horma-irudian. Horrela, Getariako tradizioa eta gaur egungo begirada artistikoa elkartzen dira, herriko memoria bisuala, itsasoa, arrantza, moda eta irudimena eszena bakarrean bilduz.
Herriko hormak kolorez betetzeko konpromisoa
Getariako Udalak urtero aurrekontuetan diru partida bat bideratzen du herriko txokoak, hormak eta espazioak kolorez betetzeko, espazio publikoari bizia emateko eta herriaren nortasuna artearen bidez ere indartzeko.
“Getaria bizirik dagoen herria da, eta gure kaleek ere hori islatu behar dute. Arteak espazio publikoari beste dimentsio bat ematen dio, eta gure herriaren elementu ezagunak beste begirada batetik ikusteko aukera eskaintzen digu”, adierazi du Getariako Udalak.
Udalak, era berean, Larrakotarrei eskerrik beroenak eman nahi dizkie, euren etxeko horma artelan hau egiteko eskaintzeagatik. “Horrelako ekimenak ez lirateke posible izango herritarren eta jabeen inplikaziorik gabe. Eskerrik asko zuen etxeko horma Getariarekin partekatzeagatik”, nabarmendu nahi du Udalak.
Horma-irudiaren kostua 16.494,50 eurokoa izan da, BEZ barne, eta obra berriak beste kolore bat eman dio Getariako kale bati, herriko iragana, eguneroko bizitza eta sorkuntza garaikidea horma berean elkartuz.
Memoria ere kalean: Artzapeko «Oroimena»
Aurten, Getariako Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, «Oroimena» eskultura bizia ezarri du Artzapen, duela hamarkada batzuk petrillan kutxilloa zorroztera elkartzen ziren mariñelak gogora ekarriz. Eskultura bizia izanik, jarritako harrian kutxilloak zorroztu daitezke, egilearen nahia betez.
1990eko hamarkadan ingurua berritzeko lanen ondorioz petrillaren gaineko losa kendu eta urteetan erabilitako tresna historikoa galdu zen. «Oroimena» lanak, beraz, memoria hori berreskuratu eta Getariako iraganeko keinu txiki bat gaur egungo herrira ekarri nahi du.


