Getariak larunbat honetan abiatuko du 2026ko hondartza denboraldia.
Irailaren 13ra arte egongo dira martxan sorospen, salbamendu eta irisgarritasun zerbitzuak, egunero 11:00etatik 19:00etara
Gaur aurkeztu da Gipuzkoako 2026ko hondartza denboraldia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta kostaldeko udalerrien parte-hartzearekin. Bertan izan da Getariako Udala ere. Ekitaldian, hondartzen kudeaketan jasangarritasunaren, irisgarritasunaren eta ingurumenaren zaintzaren aldeko konpromisoa berretsi da, kostaldeko espazio hauek herritarren eta bisitarien gozamenerako ez ezik, balio natural handiko gune gisa ere zaindu behar direla nabarmenduz.
Getarian, 2026ko hondartza denboraldia larunbat honetan jarriko da martxan eta irailaren 13ra arte luzatuko da. Epe horretan, Malkorbe eta Gaztetape hondartzetan udako zerbitzu nagusiak eskainiko dira, erabiltzaileen segurtasuna, erosotasuna eta hondartzen erabilera egokia bermatzeko.
Sorospen eta salbamendu zerbitzua
Azken asteetan hainbat mantentze- eta egokitzapen-lan egin dira hondartzetan, eta uda osoan zehar garbiketa, zaintza eta mantentze lanekin jarraituko da. Gainera, sorospen eta salbamendu zerbitzua Gurutze Gorriaren esku egongo da aurten ere, hondartzetako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Zerbitzu horrek prebentzio, zaintza eta larrialdietako esku-hartze lanak egingo ditu denboraldi osoan zehar, egunero 11:00etatik 19:00etara.
“Hondartzak Denontzat” programa
Getarian, irisgarritasunaren aldeko apustua indartuko da aurten ere. Malkorbe hondartzan “Hondartzak Denontzat” programa egongo da martxan. Bainu egokituko zerbitzu integral horren bidez, erabiltzaileen eskura espazio egokitu bat jarriko da, aldagelak, Gurutze Gorriko langile espezializatuak eta hondartzarako sarbidea errazteko beharrezko baliabideak eskainiz, pertsona guztiek hondartzaz baldintza berdinetan gozatu ahal izan dezaten. Zerbitzua 11:00etatik 19:00etara emango da.
Zerbitzua are irisgarriago egiteko, espazioaren ondoan mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako 14 aparkaleku plaza egongo dira erabilgarri.
Zerbitzuari buruzko informazio gehiago edo aurretiazko koordinazioa behar duten erabiltzaileek 617 45 21 53 telefono zenbakira deitu ahal izango dute.
Jasangarritasuna eta ingurumenaren zaintza
Aurtengo denboraldian ere arreta berezia jarriko da ingurumen-sentsibilizazioan eta hondartzen erabilera arduratsuan. Hondartzak balio ekologiko handiko espazioak direla gogorarazita, hondakinak behar bezala bereizteko eta kostaldea garbi mantentzeko deia egin da. Era berean, erabiltzaileei itsas ingurunea errespetatzeko eta hondartzetako baliabideak modu arduratsuan erabiltzeko eskatu zaie.
Udako hilabeteetan bisitari ugari hartzen dituen herria izanik, Getariako Udalak herritarren eta bisitarien lankidetza eskatu du hondartzak eta ingurunea errespetuz erabiltzeko. Horrela, denon artean, Getariako kostaldearen kalitatea, itsas ondarea eta balio naturala zaintzen lagunduko da.
Larunbat honetan hasiko den denboraldi berriarekin, Getariak hondartza seguru, irisgarri eta jasangarrien aldeko apustua berresten du, herritarren eta bisitarien gozamena ingurumenaren babesarekin uztartuz.


