Getariako Udalak biodibertsitatea sustatzeko mantenu irizpide berriak txertatu ditu herri espazioen mantenuan.
Getariako Udalak aurrerapauso berriak eman ditu herriko berdegune eta espazio publikoen kudeaketa jasangarriaren alde. Aurten, lehen aldiz biodibertsitatea sustatzeko irizpideak txertatu dira belardi eta berdeguneen mantenuan, naturaren zikloak gehiago errespetatuz eta herriko ekosistemak indartuz.
Aldaketa nagusietako bat hainbat gunetan belarren mozketen maiztasuna egokitzea izan da. Horri esker, landarediak bere bizi-zikloa osatzeko aukera handiagoa izan du, lore basatien presentzia handituz eta erle, tximeleta nahiz beste intsektu polinizatzaileentzako habitat egokiagoak sortuz. Aldi berean, fauna txikiarentzako babes eta elikadura gune gehiago ere sortzen dira.
Landareei beren bizi-zikloa osatzeko aukera emateak loraldia ahalbidetu du hainbat eremutan, eta horrek herriko espazio publikoak kolorez zipriztindu ditu udaberrian zehar. Horrela, biodibertsitatearen aldeko neurriak ingurumenaren ikuspegitik ez ezik, paisaiaren kalitatea hobetzeko ere baliagarriak direla erakutsi dute.
Neurri hauek naturaren zikloak errespetatzen dituen eta biodibertsitatea sustatzen duen kudeaketa eredu baten barruan kokatzen dira. Europan eta Euskal Herrian gero eta udalerri gehiagok ari dira norabide bereko neurriak hartzen, klima aldaketari eta biodibertsitatearen galerari erantzuteko.
Neurri berriak batez ere erabilera txikiagoko berdeguneetan aplikatzen dira. Parkeetan, pasealekuetan eta aisialdirako espazioetan, berriz, mantenu maila egokia bermatzen jarraitzen da.
Getariako Udalak azken urteotan ere hainbat ekimen sustatu ditu norabide berean. Herriko hainbat puntutan ingurura eta klimara ondo egokitzen diren zuhaixka eta landare espezieak landatu dira, tokiko fauna eta polinizatzaileentzako habitatak sortuz eta paisaia aberastuz.
Era berean, Malkorben bioingeniaritzako esku-hartzeak egin dira, naturan oinarritutako irtenbideak lehenetsiz eremuaren egonkortasuna, integrazio paisajistikoa eta naturaren berreskurapena sustatzeko.
Ildo horretan, datozen egunetan herribideetako txukunketa eta mantenu lanekin segituko du Udalak, bideen erabilgarritasuna eta segurtasuna bermatuz eta ingurumen irizpideak kontuan hartuz. Jarduketa horiek ere udalaren kudeaketa jasangarriaren estrategiaren parte dira.
Getariako Udalaren ustez, herriguneetako espazio publikoek ere ekarpen garrantzitsua egin dezakete natura babesteko, eta horregatik mantenu lanetan eta udal jarduketetan irizpide jasangarriak txertatzen jarraituko du.
Aurten ezarritako neurriak azken urteetan garatutako estrategia zabalago baten parte dira, Getaria gero eta berdeagoa, jasangarriagoa eta biodibertsitatearekiko errespetutsuagoa izan dadin.


