Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako Udalak HAPO berriaren aurrerakina aurkeztu du.

apirila / 08, 2026

Herritarren ekarpenak jasotzeko epea ekainaren 8ra arte egongo da zabalik, eta hainbat informazio- eta parte-hartze ekintza antolatu dira.

Getariako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesuan aurrera egin du, eta plan berriaren aurrerakina aurkeztu du jendaurrean. Dokumentu estrategiko honek herriaren garapena gidatuko du datozen urteetan, 2045era begira.

Diagnostiko sozio-urbanistikoa osatu ondoren, aurkeztutako aurrerakinak Getariaren etorkizunerako oinarriak jasotzen ditu, helburu argi batekin: herria hobeto konektatua, jasangarriagoa eta bizigarriagoa bihurtzea.

Aurrerakinak mahai gainean jartzen ditu gaur egungo erronka nagusiak, hala nola mugikortasunaren hobekuntza, espazio publikoen kalitatea handitzea eta etxebizitza eskaintza egokitzea. Ildo horretan, proposamenen artean nabarmentzen dira espazio publikoen berrantolaketa, irisgarritasuna hobetzeko neurriak eta eguneroko bizitza erraztuko duten azpiegitura berriak.

Dokumentua jada Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu da, eta, horren ondorioz, ekainaren 8ra arteko epea ireki da herritarrek ekarpenak eta iradokizunak aurkezteko. Aurkeztutako aurrerakina eztabaidarako dokumentua da, eta jasotako ekarpenekin aberastea du helburu.

Parte-hartzea sustatzeko, Udalak hainbat informazio- eta parte-hartze ekintza antolatu ditu. Horrela, herritarrei zuzendutako aurkezpen ireki bat egingo da maiatzaren 5ean, 18:30ean, Zarautz Jauregian, plana gertutik ezagutzeko eta iritzia emateko aukera eskainiz.

Bestalde, maiatzean zehar udaletxeko sarreran planoak eta dokumentazioa ikusgai egongo dira, eta interesa duten herritarrek dokumentua udalaren webgunean deskargatu edo udaletxean bertan kontsultatu ahal izango dute.

Getariako Udalak azpimarratu duenez, herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da planaren garapenean, eta ekarpenak egitea ezinbestekoa da Getariaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko.

Parte-hartu!!

Dokumentazio guztia ESTEKA HONETAN (2 FASEA – Aurrerakina) aurkitu dezakezu.