Etxebizitza hutsen jabeek egoera eguneratzeko aukera dute, OHGren errekargua aplikatu aurretik.
Getariako Udalak 2026ko Ordenantza Fiskalak aho batez onartu zituen 2025eko irailean egindako Udalbatzarrean, EH Bilduren 6 eta EAJren 5 aldeko bozkekin, etxebizitza hutsen arazoari aurre egiteko eta herrian etxebizitza erabilgarri gehiago sustatzeko helburuarekin.
Ordenantza horien baitan, Udalak 2026ko Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren (OHG) barruan, ohiko bizilekua ez diren etxebizitzei aplikatuko zaien errekarguaren kudeaketa-prozedura berezia martxan jarri du, 2026ko Ordenantza Fiskaletan jasotako 4. bis artikuluan xedatutakoaren arabera. Gogoratu behar da Udalak dituen datuen arabera herrian 281 etxebizitzetan (%19,1) ez dagoela inor erroldatuta.
Ordenantzak ezartzen duenez, Udalak urtero, ofizioz, ohiko egoiliarrik inskribatuta ez duten bizitegi-erabilerako ondasun higiezinen titularren hasierako zerrenda egingo du. Zerrenda horren onarpena ostegunean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta interesdunek udaleko arreta zerbitzuan kontsultatu ahal izango dute.
Zerrenda argitaratu eta ondorengo 20 eguneko epean, subjektu pasiboek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte, ondasun higiezina benetan ohiko bizileku gisa erabiltzen den ala ez, edo errekargua ez aplikatzeko baldintzak betetzen diren zehazteko. Alegazioak aztertu ondoren, Udalak behin betiko ebazpena emango du errekargua aplikatzeari edo ez aplikatzeari buruz, eta erabaki hori zuzenean jakinaraziko zaie interesdunei.
Neurri hau etxebizitza erabilgarriak sustatzeko politika fiskalen barruan kokatzen da, eta ildo horretan, 2026tik aurrera etxebizitza huts gisa sailkatutako higiezinei OHGn %100eko errekargua aplikatzeak erabilera gabeko etxebizitzak merkatura ateratzea eta herriko etxebizitza parkea aktibatzea du helburu.
%95eko hobaria Bizigune Programan parte hartzen duten jabeei
Ordenantza Fiskal horien barruan, pizgarri fiskal nagusi gisa, Bizigune Programan parte hartzen duten etxebizitzen jabeek %95eko hobaria izango dute Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHG) 2026tik aurrera. Neurri honek onura ekonomiko zuzena eskaintzeaz gain, berme eta segurtasun handiagoa ematen die jabeei, etxebizitzen kudeaketa erraztuz eta errentagarritasuna ziurtatuz.
Bizigune Programaren bidez, etxebizitzen jabeek alokairuaren ordainketa bermatua, maizter egonkorra eta hautaketa kontrolatua, mantentze-lanen jarraipena eta kudeaketa administratibo erraztua izateko aukera dute. Udalaren ustez pizgarri fiskalek eta Bizigune Programak elkar osatzen du, etxebizitza hutsak aktibatu eta alokairu sozialaren bidez herriko etxebizitza parkea indartzeko.
Getariako Udalarentzat, “helburua argia da: etxebizitza bizirik, herria bizirik”, eta horregatik, etxebizitzen jabeak Bizigune Programarekin bat egitera gonbidatu nahi ditu, eskaintzen dituen babes, berme eta pizgarri fiskalak baliatuz.


