Udalak Getaria bizitoki-merkatuko tentsio eremua izendatzeko eskatuko du.
Getariako Udalak udalerri osoa Bizitegi-Merkatuko Tentsio Eremu izendatzeko prozedura formalari ekin dio. Erabaki hau 12/2023 Etxebizitza Eskubidearen Legeak ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen justifikazio-memoria eta diagnostiko sakon batean oinarritzen da. Izendapen honek tresna berriak emango dizkio Udalari etxebizitzaren prezioak kontrolatzeko eta herritarren etxebizitza-eskuragarritasuna bermatzeko.
Eremu tentsionatua izendatzeko lanketa Gislan aholkularitza-enpresak egin du. Bera arduratu da egoeraren DIAGNOSIA, MEMORIA justifikatzailea eta ekintza PLANA (EUS / GAZT) osatzeaz. Jasotako informazioa eta landutakoaren arabera:
Justifikazio-memoria
Justifikazio-memoriak argi uzten du Getariak betetzen duela Tentsio Eremu izendatua izateko legezko baldintzetako bat: 2018 eta 2023 artean, alokairu-errentaren igoera akumulatua %22,4koa izan da, Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) igoera (%14,0) nabarmen gaindituz.
Gainera, memoriak beste bi puntu garrantzitsu azpimarratzen ditu:
- Ahalegin ekonomikoa: Oro har batez besteko ahalegina %25,3koa bada ere, kolektibo zaurgarrien egoera kritikoa da: pertsona bakarreko unitateek beren diru-sarreren %51,9 bideratu behar dute etxebizitzara, eta emakumeak buru diren familiek %29,1.
- Edukitzaile handien muga jaistea: Getariaren ezaugarriengatik, Udalak edukitzaile handien muga 5 higiezinetara jaistea justifikatu du (legezko 10eko mugaren ordez). Izan ere, herrian ez dago 10 etxebizitza baino gehiago dituen jaberik, baina badira 5 eta 9 etxebizitza artean dituzten 10 jabe, merkatuan eragin handia dutenak.
Diagnostikoaren ondorio nagusiak
Udalerriko bizitegi-egoeraren azterketak desoreka nabarmenak detektatu ditu:
- Presio demografikoa eta etxebizitza beharra: 2000-2025 epealdian Getariak %20,8ko hazkunde demografikoa izan du. Bizikidetza-unitateen kopurua ere %26,6 igo da, unitateak gero eta txikiagoak direlako (2,47 kide batez beste), eta horrek etxebizitza gehiagoren beharra dakar.
- Gazteen irteera: 2009-2024 artean herria utzi dutenen %34,9 20-34 urteko gazteak izan dira, emantzipatzeko zailtasunek bultzatuta.
- Prezio altuak: Salerosketan, metro karratuaren prezioa (4.370,1 €) Gipuzkoako (3.847,4 €) eta EAEko (3.193,0 €) batez bestekoaren gainetik dago.
- Etxebizitza ez-nagusien eragina: Erroldaren arabera, 281 etxebizitza daude inor erroldatu gabe (%19,1), tartean etxebizitza hutsak, bigarren etxebizitzak eta pisu turistikoak.
Ekintza Plana (2026-2028): Helburuak eta neurri nagusiak
Egoera honi aurre egiteko, Udalak hiru urteko indarraldia izango duen Ekintza Plana diseinatu du, herritarrek etxebizitzara bideratu beharreko ahalegin ekonomikoa %30etik beherakoa izan dadin.
Hauek dira lau ardatz nagusiak eta ekintza nabarmenenak:
1. Ardatza: Alokairu eskuragarria sustatzea
◦ Potzuaga-gaina: 110 Babes Ofizialeko Etxebizitza (BOE) berri sustatzea, alokairua lehenetsiz. 40 etxebizitza Tasatu.
◦ Euskaltxeta (Balenciaga eremua): 20 zuzkidura-bizitoki eraikitzea alokairu sozialean, %40 gazteentzat gordez.
◦ Neurri fiskalak: 2026tik aurrera, %100eko errekargua aplikatuko zaie etxebizitza hutsei Ondasun Higiezinen Zergan (OHZ). Aldiz, Bizigune programan daudenentzat %95eko hobaria egongo da.
2. Ardatza: Eraikinen parkea eta hiri-birgaitzea
◦ Pisu turistikoen kontrola: HAPOren berrikuspenarekin batera, lizentzia berriak etetea eta jarduera hau arautzeko hausnarketa sakona abiatzea. Etxebizitza legeak gainera, eremu tentsionatuetan turismora bideratutako etxebizitzen baimena eteten du.
3. Ardatza: Prestazio eta dirulaguntzen sistema
◦ Gazteentzako udal-laguntzak: 2026an sarbide-mugak (diru-sarrerak) egokitzea herriko gazteen errealitatera eta behar bada dirulaguntzen poltsa 12.000 eurora igotzea.
◦ Etxebizitza Eskubide Subjektiboa: EPE (Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa) eta antzeko laguntzen inguruko aholkularitza indartzea.
4. Ardatza: Gobernantza eta koordinazioa
◦ Erakunde arteko lankidetza: Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmenak sinatzea plana gauzatzeko eta urteroko jarraipen-talde bat osatzea ekintzak betetzen direla bermatzeko.
Tentsio Eremu izendapenari esker, kontratu berrietan alokairu-prezioak mugatu ahal izango dira, aurreko kontratuaren errentara edo erreferentziazko indizeetara egokituz.


