BAZTERKERIA EDO BEHAR LARRIKO EGOERAK LEUNTZEKO ORDENANTZARI BEHIN-BEHINEKO ONARPENA EMAN DIO UDALAK
Getariako Udalak legegintzaldi honetako azken Udalbatzarrean behin-behineko onarpena eman dio herrian bazterkeria edota behar larriak dituzten herritarren egoerak hobetzeko diru-laguntzen ordenantza berriari. Orain 20 eguneko epea egongo da ekarpenak egiteko.
Lehendik zeuden beharrizan desberdinei erantzuteko diru-partidei, 2023ko aurrekontuetan Udalak 10.000 euroko diru partida berria sortu zuen eta azken asteetan Gizarte Zerbitzuetako Teknikaria eta zinegotzia oinarri arautzaileak lantzen eta osatzen jardun dira.
Diru laguntza hauen helburua bazterketa pertsonala eta soziala arintzea da eta baliabide pertsonal, sozial edo ekonomiko nahikorik ez duten herritarren gizarteratzea erraztu nahi dute. Beraz, getarian bizi diren pertsona eta familiak izango dira onuradunak.
Laguntza ekonomiko hauek baliabide aringarri gisa erabiliko dira, eta premia larriko gabeziak eragin ditzaketen egoerak saihestea bilatzen du. Ondorioz, ustekabeko gertakari batek eta baliabide ekonomikoen urritasunak eragindako larrialdiko egoera ekonomikoak estaltzea izango da nahi nagusietako bat. Besteak beste, etxebizitzako gastuak desberdinak, alokairuak sortzen dituenak, energiarekin lotutakoak, soziosanitarioak etab.
Laguntza horiek jasotzeko, premia-egoera larrialdi gisa bermatzen duen preskripzio tekniko bat beharko da, eta baliabide ekonomikoen urritasunak eragindako gizarte-bazterkeriako egoeren prebentzio-neurritzat hartuko da.