Getariako Udalak Potzuagan tutoretzapeko etxebizitza eraikiko du
Getariako Udalak martxan jarri du Potzuagako lokalean adinekoentzat tutoretzapeko etxebizitza egiteko lanen esleipen-prozesua. Aurreikuspenen arabera, 4 hilabete iraungo dute lanek, eta 135.386,51 €-ko kostua izango dute.
Udalak biltegi moduan erabili du urteetan udal-jabetzako lokal hori (95 m2-koa), eta, orain, Udal Gobernua etxebizitzen inguruan hartzen ari den zenbait erabakiren baitan, herrian egoera zaurgarrian dauden adinekoentzako etxebizitza egingo du bertan, bi logelakoa. Etxebizitzaren jabetza guztiz publikoa izango da aurrerantzean ere.
Gizartearen egoera aldatzen ari da. Hala, bizi-itxaropenak gora egiteaz batera, gure gizarteko adin-piramidea aldatuz doa, eta familia barruko harremanak ere aldatzen ari dira. Horrez gain, mendekotasun-egoerak geroz eta ugariagoak dira, baita gizarte-babesik gabe dauden adinekoak ere. Udala eraikitzera doan tutoretzapeko etxebizitza 65 urtetik gorako herritarren oinarrizko arreta-premiei erantzutera bideratuko da, hain zuzen ere.
Getariako Udalarentzat lehentasunezkoa da herritarrek bizilekuan ahal den gehien geratu ahal izatea, bizitza osoan izan duten erreferentziazko gizarte-sareari eutsita. Potzuagan egingo den udal-ostatua egonaldi luzeetarako edo erabilera iraunkorrerako zerbitzua izango da, eta gizarte-laguntza nahiz tutoretza-, bitartekaritza- eta gainbegiratze-zerbitzua izateaz gain, etxez etxeko arreta pertsonala jasotzeko aukera ere izango da, hala behar denean.
Egitasmo honi esker, Udalak herrian zegoen behar bati erantzungo dio, herritarrak babesteari lehentasuna emanez. Hala, zaurgarritasun-egoeran dagoen adinekoa komunitatean gera dadin erraztea, haren autonomia-maila hobetzea, bakarrik bizitzen ez uztea eta segurtasun-sentimendua hobetzea lortuko da.
Informazio guztia: Potzuaga kaleko baxuaren tutoretzapeko etxebizitzaren obra