Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Lankidetza-akordioa sinatuko dute Getariako Udalak eta Alokabidek

martxoa / 25, 2022

Haritz Alberdi Getariako alkateak eta Patricia Ainhoa Val Eusko Jaurlaritzako Alokabide sozietate publikoko zuzendari nagusiak alokairuko etxeekin loturiko akordio garrantzitsua sinatuko dute.

Getariako Udalak herrian dauden etxebizitza hutsen inguruko datuak eguneratu zituen 2021. urtean, eta 280 etxe huts zeudela ondorioztatu zuen. Azken urte honetan, kopuru horrek gora egin du, eraiki berri diren etxeen ondorioz; hori dela eta, une honetan, herrian dauden 1451 etxebizitzetatik 295 etxe inguru daude hutsik Getarian.

Etxebizitza hutsen kopuru altuak kezkatuta, Getariako Udala Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri zen, egoeraren berri eman eta elkarrekin zer esku-hartze egin zitekeen aztertzeko. Harreman horrek bi administrazioen arteko lankidetzari bide eman dio, eta, horri esker, lanketa bat egingo da, herrian dauden etxebizitza hutsetan mugimendua sortzeko eta beharra duten herritarrei alokairu-aukerak emateko.

Bizigune Etxebizitza Hutsen Programaren bitartez, hutsik dauden ahalik eta etxebizitza gehien eskuratzen saiatuko da Eusko Jaurlaritza, eta gero, alokairu babestuaren bidez, etxebizitza horiek merkaturatzen. Programa horren bitartez, erabilera soziala eman nahi zaie herrian hutsik dauden etxeei. Hala, beren baliabide ekonomikoekin merkatu librean sartzeko aukerarik ez duten pertsonek etxebizitza duin bat arrazoizko prezioan eskuratu ahal izango lukete.

 

 

Alokabideren programa honek hainbat abantaila eskaintzen ditu, hala nola 6 urteko alokairuaren bermea, hilero eta dagokion datan ordaintzea, etxebizitza egokitzeko eta prestatzeko laguntza, aseguru baten kontratazioa eta etxebizitzaren mantentze-lana. Finean segurtasun juridiko eta ekonomikoa ematen die kasuan-kasuan sortzen diren lagapen-harremanei.

Hori horrela, Getariako Udalak eta Alokabidek hainbat ekimen antolatuko dituzte elkarlanean, etxe hutsen jabeak programa honekin bat egitera bultzatzeko. Besteak beste, gutun bana bidaliko zaie etxe-jabeei, eta, horrez gain, informazioa banatu eta programan parte hartzeko eskaera-orriak zabalduko zaizkie interesa dutenei. Alokabideko arlo sozialaren eta Getariako Udaleko gizarte-zerbitzuen arteko esku-hartze koordinatua ere bultzatuko da, unean-unean sor daitezkeen behar larriko egoeretan.

Hori dela eta, Getariako Udalak Bizigune programan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak, etxe hutsei, berme guztiekin, erabilera sozial bat emateko.