Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Zirringilo italiarra, euskal kostaldeko mikrofaunaren mehatxu berria

maiatza / 17, 2021

Ast, 17/05/2021 – 11:01

https://www.getaria.eus/eu/content/hitzaldia-berdin-al-du-zirringilo-bat…

[EUS]

ZIRRINGILO ITALIARRA, EUSKAL KOSTALDEKO MIKROFAUNAREN MEHATXU BERRIA

Espezie inbaditzaileen sartzapena aspalditik gertatzen ari den arazoa da, azken urteetan areagotzen ari dena, horrek bertako biodibertsitatean dituen ondorioekin. Gaur egun, espezie inbaditzaileen bidezko inbasio biologikoak dira animalia eta landareen iraungipenean bigarren mehatxua arruntena, eta tokiko espezie zein ekosistemei eragiten diete. Askotan sartzapen hauek maskota exotikoak berea ez den ingurune batean askatzearekin lotuta egoten dira. Narrastiak honen adibide argia dira: Europako narrasti espezieen artean, 14 euren banaketa areatik kanpo sartuak izan dira, ingurunean kalte desberdinak sorraraziz.

Sugandila italiarra (Podarcis sicula) behin eta berriz sartu izan da arku Mediterraneoan historian zehar, Balear Uharteetako hainbat leku kolonizatuz, Kantabria, Almeria eta Madrilen ere finkatu da, besteak beste, ingurunera moldatzeko duen ahalmen handiagatik. Euskal Herrian, kezkagarriak dira Bilboko Etxebarria parkean 2016an topatutako populazioa, eta berriki, 2017an, Getariako San Anton mendian aurkitu den populazioa, momentuz ale kopuru txikia duena.

Ordutik, Getariako eta Bilboko udalen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, espezie inbaditzailearen kontrol edo/eta erauzketarako lanak egin ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak. Hala, Getariako populazioko 9 ale eta Bilboko populazioko 44 ale harrapatu dira orain arte. Hauen detekzio goiztiarrak, sugandila italiarraren populazio hauen hedapena mugatzeko balio izan du, eta, era berean, espeziea epe labur/ertainean erabat erauzteko aukera eman dezake.

Getarian Miguel Ángel Carretero doktoreak eskainiko duen hitzaldiak, inbasio biologikoen gaia hau jorratuko du, adibide moduan narrasti txiki hauek erabiliko ditu, izan ere Europa mailan sugandilak ikertzen dituen aditu handienetako bat da. Hitzaldian arazo global honen garrantzia azpimarratzeaz gain, adituen arabera detekzio goiztiarraren garrantzia nabarmendu eta populazio hauek kontrol zein erauzketen beharra azalduko du, Europako beste eremu batzuen sortzen ari diren eraginak oso handiak izan baitira.

_____________________

GETARIA

Iturzaeta aretoa.

Maiatzak 20, 19:00etan.

Sarrera doan.