Zarautz Jauregiak duela 500 urteko Getariara bidaiatzeko aukera eskainiko du 3D teknologiaren bidez.
3Dko betaurreko berriei esker, herritarrek zein bisitariek XVI. mendeko Getaria ezagutu ahal izango dute modu murgiltzailean, herriko txokoak, garaiko ofizioak eta bale arrantzaren jarduera bertatik bertara biziz.
Getariako Zarautz Jauregian 3Dko betaurreko berriak jarri dira, herritarrei zein bisitariei duela 500 urteko Getariara bidaiatzeko aukera eskainiz.
Teknologia berri honi esker, erabiltzaileek XVI. mendeko Getaria ezagutu ahal izango dute modu murgiltzailean, garai hartako herria, hainbat txoko esanguratsu, garaiko ofizioak eta Getariaren historian garrantzi handia izan zuen bale arrantzaren jarduera bertatik bertara ezagutuz.
Esperientzia berriak aukera emango du Getariaren historiako une garrantzitsu bat hobeto ulertzeko, teknologia berriak eta ondare historikoaren dibulgazioa uztartuz. Era berean, Zarautz Jauregiak herriko historia eta itsas ondarea ezagutarazteko egiten duen lana indartzen lagunduko du, turismoaren eta herritarren arretaren erreferentziazko gune gisa duen eginkizunarekin batera.
3Dko betaurrekoen aurkezpenean parte hartu dute Haritz Alberdi Getariako alkateak, Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, eta baita 3Dko betaurrekoen instalazioa eta garapena gauzatu duen Arretxe Zerbitzuakeko Iker Nietok eta Enara Tenak ere.
Aurkezpenean, Haritz Alberdik azpimarratu du Zarautz Jauregiaren balioa ez dagoela soilik eraikinaren berreraikitzean, baizik eta bertan jasotzen den errelatoan: “Gure historiaren, itsas tradizioaren eta Getariaren bilakaeraren lekuko da, eta gaur aurkezten dugun tresna berri honek ondare hori modu hurbilago eta erakargarriago batean ezagutzeko aukera emango die herritarrei zein bisitariei”. Alkateak gogorarazi zuen, halaber, Zarautz Jauregia gaur egun turismoaren, herritarren arretaren eta herriko elkarteek Talaia espazioan garatzen dituzten egitasmoen topagune ere badela.
Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak nabarmendu duenez, “Gero eta estandarizatuago dagoen turismoaren testuinguruan, gure historia, gure ondarea eta gure nortasuna dira benetan berezi eta bakar egiten gaituzten elementuak. Horregatik, ondarea zaindu nahi badugu, lehenik eta behin ezagutu eta ezagutarazi egin behar dugu. Zarautz Jauregiko 3D esperientzia honek Getariaren eta Gipuzkoaren iragana modu erakargarri, murgiltzaile eta irisgarrian bizitzeko aukera eskaintzen du, gure historia publiko guztiei gerturatuz. Horrelako ekimenek gure memoria kolektiboa balioan jartzen dute, eta aldi berean, benetakotasuna, kultura eta tokiko nortasuna bilatzen dituen kalitatezko turismoa erakartzen laguntzen dute.”
Proiektuak 15.000 euroko kostua izan du, eta horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentutik 10.000 euroko diru-laguntza jaso du.
Zarautz Jauregia espazioa bisitatzen dutenek, 1,5 euro gehiago ordainduta, 3Dko betaurrekoen esperientziaz gozatzeko aukera izango dute. Gainerako erabiltzaileentzat, berriz, esperientziaren prezioa 2,5 eurokoa izango da. 3Dko betaurrekoak gaurtik aurrera egongo dira erabilgarri Zarautz Jauregian.


