XIV. mendeko Andra Mariren irudiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Getariako Udalak, Getariako Elizarekin eta Aldundiarekin elkarlanean, amabirjinaren eskultura berreskuratu, eta Getariako elizaren itsasoko atean jarri du ikusgai.
Eskultura orain dela 5 bat urte aurkitu zen Salbatore parrokiako txoko batean. Hala, 2022. urteko urtarrilean, Edorta Kortadi Otano Donostiako Elizbarrutiaren Museoko zuzendariak eskultura ikuskatu eta aztertu zuen.
Artearen Historian aditua den zuzendariaren arabera, Getariako elizan aurkitutako eskultura XIV. mendekoa da. Kareharri grisezko eskultura bakarra da Gipuzkoan, Itziarren eta Irunen aurkitu direnak egurrezkoak baitira. Haren iritziz, garrantzi eta balio historiko berezia duen pieza da, ziurrenik eliza eraiki zen garaikoa izango baita. Horregatik, aurkikuntza balioan jarri, eta Gipuzkoa eta Euskal Herriko iruditegiari egiten dion ekarpena goraipatu zuen.
Horrez gain, Edorta Kortadik eskulturaren egoera kezkagarria aipatu zuen txostenean, eta eskultura garbitu eta zaharberritzeko lanak egitea iradoki. Getariako Udala eta Aldundiko Ondare Historiko-artistikoaren arloa arduratu dira irudia aztertu, garbitu, babestu eta, orain, modu seguruan elizan jartzeaz. Zaharberritze-lanak, berriz, zeregin horretan aditua den Carmen Martínek gauzatu ditu.
Urte askoan itzalpean egon eta gero, gaurtik aurrera herritar guztiek izango dute aukera Andra Mariren eskulturaz gozatzeko. Zehazki, Salbatore elizaren itsasoko atearen gainean egin zaio lekua guztion ondare preziatu honi.


