Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Udala Getariako Energia Berriztagarrien Komunitateko bazkide laguntzaile izango da

iraila / 30, 2022

Astearteko Udalbatzarrean Getariako hainbat herritarrek bilera irekietan osatzen ari diren Komunitate Energetikoa babestu eta laguntzea erabaki zen.

Planak jasotzen duenarekin koherentziaz jokatuz, eta EAEko eta Europako zuzentarauekin bat eginez, Udala herrian sortzear den Energia Berriztagarrien Komunitatea Kooperatibako bazkide egitea erabaki zuen udalbatzak. Hala, Getariako Udala hasieratik bertatik izango da herriko Kooperatibako partaide, laguntzaile moduan; 1.000 euroko ekarpena egingo du, eta alkatea izango da ordezkaria.

Gogorarazi behar da 2022ko aurrekontuetan diru-partida bat zehaztu zela getariarrek Komunitate Energetikoa sortzeko; hain zuzen ere, azken hilabeteetan, hainbat herritar jardun dira zeregin horretan, Goiener-en laguntzaz. Energia-kontsumoa murriztu, energia sortu edota argindar-fakturen kopurua txikitzeko asmoz, hainbat proiektu aurrera eramateko ahalmena izango dute kooperatiba horretako kideek. Eta Getariako Udalak, Kooperatibako bazkide eginda, horrelako proiektuak aurrera ateratzen lagunduko du.