Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Udalak EHNERGIA eta EH KOM ekimenekin bat egitea onartu du, energia eta telekomunikazio burujabetza indartzeko.

uztaila / 31, 2026

Udalbatzak energia eta telekomunikazio burujabetzaren aldeko bi urrats estrategiko onartu ditu, trantsizio energetikoa, konektibitatea eta tokiko lankidetza sustatzeko.

Getariako Udalak beste urrats bat eman du energia eta telekomunikazio burujabetzaren aldeko estrategian. Azken osoko bilkuran, Udalbatzak onartu du EHNERGIA energia komunitateen sare europarrean bazkide laguntzaile gisa parte hartzea eta EH KOM Kooperatiba Sozietatearekin bazkidetza-hitzarmena sinatzea. Bi erabakiek helburu bera dute: udalerriaren burujabetza indartzea, baliabide estrategikoen kudeaketa komunitarioa sustatzea eta herritarren mesederako proiektu berriak garatzeko lankidetza-sareetan parte hartzea.

EHNERGIArekin, energia burujabetzaren alde

Udalbatzak onartu du Getariako Udala EHNERGIA energia komunitateen sare europarrean bazkide laguntzaile gisa sartzea. Sare horren helburua Euskal Herriko energia komunitateak elkartu eta koordinatzea da, energia berriztagarrien garapena, lankidetza eta ordezkaritza indartuz. Tokiko energia komunitateen beharretatik sortutako ekimena da, komunitate horiei sostengua emateko eta haiek izaten jarrai dezaten trantsizio energetikoaren protagonista nagusiak.

EHNERGIAk hainbat jarduera sustatuko ditu, besteak beste, energia komunitateen ordezkaritza instituzionala, Europako beste sareekin aliantzak sendotzea, energia-trantsizioaren aldeko politika publikoak bultzatzea, prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea, dirulaguntzak kudeatzea, energia komunitate berriak sustatzea, mugikortasun iraunkorra garatzea eta pobrezia energetikoaren aurkako ekimenak indartzea. Helburua da tokiko energia berriztagarrietan oinarritutako eredu jasangarriago eta bidezkoago bat eraikitzea.

Bazkide laguntzaile gisa parte hartzeko, Getariako Udalak 2.000 euroko ekarpena egingo du, eta Haritz Alberdi alkatea izango da udalaren ordezkaria EHNERGIAren batzar eratzailean eta etorkizuneko batzar guztietan.

EH KOMekin, telekomunikazio burujabetza indartzeko

Udalbatzak, era berean, EH KOM Kooperatiba Sozietatearekin bazkidetza-hitzarmena sinatzea onartu du. Hitzarmenaren bidez, Getariako Udalak telekomunikazioen arloan lankidetza-esparru egonkor bat ezarriko du, udalaren eta herritarren interesak bermatuko dituzten proiektuak elkarrekin garatzeko, informazioa partekatzeko eta komunikazioa errazteko.

Ekimen honen bidez, Udalak telekomunikazio burujabetza sustatu nahi du, baliabide teknologikoak partekatuz eta ezagutza eskuratuz. Horrez gain, arrakala digitalari aurre egitea eta herritar guztiek informatzeko eta komunikatzeko duten eskubidea bermatzea dira hitzarmenaren ardatz nagusietakoak. EH KOMek, bere aldetik, Internet sare ireki, neutral eta libreen garapena sustatzen du, tokiko erakundeei laguntza eskainiz azpiegitura digitalen garapenean eta konektibitatearen hobekuntzan.

Bazkidetzaren ondorioz, Getariako Udalak 1.500 euroko ekarpena egingo dio kooperatibari, haren estatutuetan aurreikusitako irizpideen arabera.

Burujabetza indartzeko beste urrats bat

Bi erabaki hauek Getariako Udalaren energia eta telekomunikazio burujabetzaren aldeko konpromisoa sendotzen dute. EHNERGIA eta EH KOM bezalako sareetan parte hartzeak aukera emango dio Getariari ezagutza partekatzeko, beste udalerri eta eragileekin elkarlanean aritzeko eta herritarren onurarako proiektu berriak garatzeko.

Energia eta telekomunikazioak gero eta estrategikoagoak diren testuinguru honetan, Getariako Udalak uste du tokiko lankidetza, burujabetza eta berrikuntza direla etorkizuneko erronkei aurre egiteko biderik egokiena. EHNERGIA eta EH KOMekin bat eginez, Udalak beste urrats bat eman du eredu jasangarriago, burujabeago eta komunitatean oinarritutako baten alde, herritarren ongizatea eta udalerriaren etorkizuna ardatz hartuta.