Sirena hotsa entzungo da berriro herrian.
Getariako Udala eta Kofradiaren arteko elkarlanari esker, eta garai berrietara egokituz, ondare/altxor hau berriro berreskuratuko du herriak.
Getariako herriak ondo daki sirenak herriko bizitzan izan duen garrantzia zein den. Hamarkada luzeetan sirena izaten zen Getariako mollan arraina sartzen zenaren berri emailerik entzutetsuenetariko bat. Sirena golpe bat antxoa sartu zela azaltzeko eta bi bestelako arrainak portura iritsi zirela jakiteko. Horretaz gain, mugikorrarik ez zegoen munduan, sirenaren erabilpenak denboraleak, ontzien larrialdiak etab. aditzeko erabiltzen zen.
Arrazoi desberdinak tarteko orain dela urte asko ordea, sirena jotzeari utzi zitzaion. Bazirudien bueltarik ez zuen erabakia izango zela baina Getariako Udalak berriro sirena berpiztearen aukeran jarri zuen interesa orain dela hilabete luze batzuk. Hori gutxi ez eta Udalak sustatuta Jon Maiak aurreko urtean landu zuen “Herri identitatea”n gure herria, besteak beste, itsas-herria izaten segitzen zuela ondorioztatu zen. Bertan aipatzen zen ere, azken urteetan itsas munduaren erlazionatutako ondarean galerak eman zirela.
Udalak Herri Identitateko lana oinarri hartuta sirena konpondu eta bere lekura bueltatzeko saiakera egin behar zela erabaki zuen. Baita ere Artzapeko petrillako harri gastaturik geratzen zen edo ez begiratzearen premia ere. Izan ere, askoren oroitzapenetan iltzatuta jarraitzen du gure arbasoek Artzapeko petrillan nola zorrozten zituzten labanak. Baina orain dela 30 bat urte harri horiek guztiak kendu zituzten. Udala saiatu da arrastoren bat geratzen den ikusten baina zoritxarrez ez du horrelakorik aurkitu. Beraz, sirena izango da ondare garrantzitsu baten berreskupenerako tresna bat.
Lehen zuen funtzioa beteko ez badu ere, eta beti izan duen erritmoa aldatuko bazaio ere, kofradiarekin elkarlanean, laister gure herrian berriro ere sirena hotsa entzungo da. Azken urteetan ezagutu dugun bezala, sirena kanpandorrean kokatuta egongo da. Arraina sartzen den bakoitzean, 11:00 aldera, kofradiatik aktibatuko da. Kolpe bat edo bi izango dira egun horretan itsasoan gertatutakoaren soinuaren hotsa.