Salaketatik haratago: presioak, aukerak eta biktimen erabakiak aztertuko dituen hitzaldia Getarian.
Getarian Salaketatik haratago: presioak, aukerak eta biktimen erabakiak izeneko hitzaldia egingo da martxoaren 12an, indarkeria matxista bizi duten emakumeen errealitateari eta askotan ikusezin bihurtzen diren erabaki prozesuei buruz hausnartzeko helburuz.
Indarkeria matxistaren testuinguruan, emakume askok presio ugari jasaten dituzte ingurutik zein gizarte mailan: salaketa jartzeko, modu jakin batean erantzuteko edo egoerari berehala irtenbidea emateko. Askotan, kanpotik espero diren erantzunek ez dute kontuan hartzen biktimen egoera pertsonala, beldurrak, dependentziak edota bizi dituzten baldintza sozial eta emozionalak.
Hitzaldi honen bidez azpimarratu nahi da ez dagoela indarkeria matxistari aurre egiteko bide bakar edo zuzena, eta emakume bakoitzak bere prozesua egiteko eta bere erabakiak hartzeko eskubidea duela, presiorik gabe eta epairik gabe. Begirada feministatik, salaketatik harago dauden aukerak landuko dira, arreta jarriz laguntza sareek, instituzioek eta komunitateak izan dezaketen paperean.
Era berean, gogoeta egingo da gizarteak berak —askotan nahi gabe— sortzen dituen presioen inguruan, eta indarkeria matxistaren aurrean benetako babesak zer esan nahi duen aztertuko da: entzute aktiboa, ulermena eta biktimen erritmoak errespetatzea.
Hitzaldiaren aurkezpen eta gidaritza lanak Sortzen Aholkularitza taldeak egingo ditu, genero-ikuspegitik aholkularitza, prestakuntza eta esku-hartze prozesuetan aditua den erakundeak. Saioa:
🗓 Martxoak 12
🕡 18:30ean
📍 Zarautz Jauregia (Getaria)
🔓 Deialdi irekia herritar guztientzat.
Ekimen hau Getariako Udalak datozen hilabeteetan garatuko duen lanketa zabalago baten baitan kokatzen da, hain zuzen ere, eraso matxistak prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko diagnostikoa eta herri protokoloa lantzeko prozesuaren barruan. Lanketa horren helburua da herriko eragile, zerbitzu eta herritarren arteko koordinazioa indartzea, prebentzioa sustatzea eta indarkeria matxistaren aurrean erantzun bateratu eta eraginkorra eraikitzea.
Nabarmendu nahi da indarkeria matxistaren aurrean guztion ardura dela presiorik gabeko inguruneak eraikitzea, non emakumeek segurtasunez hitz egin, zalantzak partekatu eta beren erabakiak askatasunez hartu ahal izango dituzten. Entzutea, ulertzea eta laguntzea dira, hain zuzen ere, erantzun kolektiboaren oinarriak.


