Izen-ematea zabalik Saguzulo irakurle-taldeko haur eta gaztetxoentzat.
Datorren kasturtean LH5 eta LH6ko taldeez gain, DBH1 eta DBH2koa ere eskainiko da.
Getariako udalak eta Getariako liburutegiak elkarlanean Saguzulo haur eta gaztetxoen irakurle-taldearen 3. ikasturtea jarriko dute martxan urritik aurrera. Aurten, lehen aldiz, LH5-LH6eko ikasleez gain, DBH1-DBH2ko gaztetxoek ere izango dute izena emateko aukera.
Irakurle-taldeak fenomeno zabaldua dira Euskal Herrian. Aldian-aldian, liburu baten inguruan hitz egiteko elkartu ohi dira irakurzaleak. Getarian 2011tik dago martxan helduen Katukale irakurle-taldea eta, urteotan guztiotan, 140 liburu irakurri eta komentatu ditugu elkarrekin. Bi hilabetean behin, liburuaren idazlea edo itzultzailea izaten da bisitan eta, beraz, urte hauetan guztiotan 70 solasaldi literarioz gozatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek.
Ugarituz doaz haur eta gaztetxoen irakurle-taldeak ere, eta abian diren egitasmoek oso emaitza ederrak eman dituzte. Saguzulo haurren irakurle-taldeak 2 urte daramatza martxan, 8 liburu lantzen dituzte ikasturtean, eta idazle baten bisita jasotzen dute. Aurten izena eman duten 18 haurrek, esaterako, Mariasun Landaren bisitaz gozatu ahal izan zuten.
Liburuzaina arduratzen da irakurle bakoitzari hileroko liburuak lortzeaz. Euskarazko liburuak irakurtzen ditugu, euskaraz sortuak edo euskara itzuliak.
Literaturarekin gozatzea da helburua, eta liburuek eskain dezaketen guztia zukutzea: hitzaren plazerrean sakontzea, pentsamendua aktibatzea, estetika berriak topatzea, hainbat istorio eta pertsonaiaren eskutik barne eta kanpo munduetara bidaiatzea.
Uxue Alberdi da taldeotako dinamizatzailea. Haur eta gaztetxoen taldeetan ikasturte hasieran liburu-zerrenda bat proposatu ohi du, ahalik eta interesgarriena eta askotarikoa, eta bertatik hautatuko dituzte taldekideek irakurgaiak. Dinamizatzaileak parte-hartzaileen hitzari ematen dio garrantzia, konfiantzazko giro lasaian literaturaz hitz egiteko, haurren iritziak eta emozioak erdigunean jarriz. Bakoitzaren ikuspuntua, gustuak, ulerkera… errespetatu eta besteena entzuten trebatuko dira.
Ekainaren 23an irekiko da izen-ematea liburutegian bertan, eta irailaren16an izango da izena emateko azken eguna. Izena ematen duten haurrek eta gaztetxoek irailaren 22-23an aurkezpen-saio bat egingo dute elkar ezagutzeko, taldearen asmoen berri emateko eta liburu-zerrendatik lehenengo bi irakurgaiak aukeratzeko.
