Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Elkano fundazioaren 2021eko egitarauaren aurkezpena

maiatza / 03, 2021

ELKANO FUNDAZIOAREN 2021EKO EGITARAUAREN AURKEZPENA

Apirilaren 29an aurkeztu zuten Elkano Fundazioaren 2021. urteko egitaraua. Aurkezpenean izan zen Haritz Alberdi Getariako alkatea eta Fundazioko lehendakaria, Ion Irurzun Fundazioko zuzendariarekin eta Fundazioko beste kideekin batera: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua, eta Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria.

EGITARAU ABERATS ETA ASKOTARIKOA

Egitarau aberats eta askotarikoa prestatu da, Euskal Herriko eta beste lurralde batzuetako (besteak beste, Txileko eta Andaluziako) eragile eta erakundeekin elkarlanean. Itsasoari lotuta bizi diren herrien ondare komuna baliatu nahi da, gure herriaren eta lehen mundubirarekin lotura duten beste herrien arteko harremana estutzeko, bai eta gizateriaren historia aldatu zuen gertaeraren inguruko ezagutza berriak sortzen jarraitzeko ere.

EZAGUTZA BERRIAK

Antolatu diren ekimenetan, jolas-, akademia- eta dibulgazio-jarduerak konbinatzen dira. Herrialde desberdinetako kultura-aniztasuna ikusaraztea, lurralde historiko guztietako euskal herriak ibilbide baten bidez lotzea, eta astronomiari, hizkuntzari edo bidaia hark ekarri zuen eraldaketa globalari buruz hausnartzea izango dira, besteak beste, programatutako ekimenen helburuak. Aipatutako ekimen horiez gain, hainbat hitzaldi eta ikuskizun izango dira, bai Getarian bertan bai Euskal Herriko beste udalerri batzuetan.

LEHORRERATZE EGUNERATUA

Bestalde, datorren urtean beteko dira 100 urte lehen lehorreratzea egin zenetik, eta Getariako Udala dagoeneko hasi da 4 urtez behin egiten den ekitaldi horren lanketan. Haritz Alberdi alkateak adierazi zuenez, ekitaldi horren inguruko dibulgazio-jardueren egitarau osoa antolatu nahi da, eta, horrekin batera, lehorreratzea eguneratzea da asmoa, egungo gizartearen aniztasun- eta berdintasun-balioak islatzeko eta eskura dugun informazio berria txertatzeko.