Potzuaga-Gaina eremuaren garapena gauzatzeko beste urrats garrantzitsu bat egin du Udalak, dokumentua behin-behinekoz onartuta.
Apirileko azken asteartean, hilaren 29an, ezohiko Udalbatzarra egin da, eta, bertan, behin-behineko onarpena eman zaio Getariako Arau Subsidiarioetako Potzuaga-Gaina eremu urbanistikoaren aldaketa puntualari. Apirilaren 8an izandako batzordean dokumentua aho batez onartu ostean, Udalbatzarrean behin-behineko onarpena eman zaio, EH Bilduren aldeko 6 botoekin eta EAJko 5 zinegotzien abstentzioarekin.
Getariako Udalak 2023ko urrian prozesua martxan jarri ondoren, eta dagozkion parte-hartzerako bideak ezarri eta legeak agindutako hainbat tramite egin eta gero, Udalbatzak 2024ko urrian eman zion lehen onarpena Arau Subsidiarioen aldaketari.
Espedientea 45 egunez jendaurrean egon eta gero, 9 txosten sektorial eta 6 alegazio jaso dira. Jasotako txosten sektorialek ez dute dokumentuan eraginik izan, aldekoak edo aldaketa ez-esanguratsuak eskatzen baitzituzten.
Bestalde, herritarrek jarritako alegazioetan, ordenazioaren hainbat alderdi aldatzeko eskatzen zen. Santiago Peñalba arkitektoak gidaturiko lantaldeak eta udal-arkitektoak alegazioak aztertu ondoren, zenbait aldaketa txertatu dira dokumentuan, horietan esanguratsuena mugikortasunari loturikoa. Herrerieta, Potzuaga, Erruera eta Sahatsaga kaleen artean sortzen diren bidegurutzeak seguruago egiteko helburuarekin, eremuaren bide-antolamendua aldatu da. Hasierako onarpeneko dokumentuan, gaur egungo errepideak, ahal zen heinean, bere horretan uztea zen helburua, baina behin-behineko bertsioan konfigurazioa aldatu egin da, erabaki horrek karga urbanistikoak handitzea dakarren arren.

Behin-behineko dokumentuan jasotzen ziren eraikigarritasuna eta gutxi gorabeherako etxebizitza-kopurua ez dira aldatu: guztira 100 m2-ko 200 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da; etxebizitza horietatik guztietatik, 110 babes ofizialekoak izango lirateke (% 55), 40 tasatuak (% 20) eta 50 libreak (% 25). Ordenazioaren ildo nagusiei ere bere horretan eutsi zaie, lehen aipatutako bide-antolamenduari dagozkionak izan ezik.
Udalaren behin-behineko onespen honen ondoren, dokumentua bi erakunde hauetara bidali beharko da, aldi berean, derrigorrezkoak eta lotesleak diren txostenak egin ditzaten:
- Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen-zerbitzura, ingurumen-agiri estrategikoa egin dezan, bi hilabeteko epean.
- Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketaren Batzordera, ebazpena eman dezan, hiru hilabeteko epean.
Behin txosten horiek izatean, eta Getariako Udalak 7.000 biztanle baino gutxiago dituenez, Arau Subsidiarioen aldaketa, Potzuaga-Gaina eremuari dagokiona, Gipuzkoako Foru Aldundira bidali beharko da, behin betiko onarpena eman diezaion.
Ondo bidean, dokumentua urte amaierarako egon daiteke behin betikoz onartuta. Hortik aurrera, Potzuaga-Gaina eremua garatzeko hirigintza-araudiak eskaturiko gainontzeko dokumentuen lanketa hasi beharko da (kudeaketa-dokumentuak, urbanizazio-proiektua eta eraikuntza-proiektua), prozesu luze honen helburua gauzatu ahal izateko: getariarrek herrian bertan prezio duineko etxebizitza lortzeko aukera izatea.
