Pikudo gorriaren hedapena saihesteko, bi palmondo kendu ditu Getariako Udalak.
Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamentuak Udalari baieztatu dionez, herrian dauden bi palmondo motatan Rhynchophorus ferrugineus izeneko intsektuaren presentzia detektatu da, pikudo gorria izenez ezaguna. Intsektu hau palmondoen izurrite larria da, eta Penintsulako espezie exotiko inbaditzaileen katalogoan sartuta dago.
Pikudo gorria palmondoaren barruan bizi eta elikatzen den kakalardo bat da, eta horrek zaildu egiten du haren presentzia hasierako faseetan antzematea. Hala ere, zenbait sintoma ager daitezke, besteak beste: hosto gazteetan zuloak edo haginkadak, hostoen galera, palmondoaren itxura asimetrikoa, koroaren erdialdeko hostoen lehortzea edota deskonposizio usaina. Larbek enborrean galeriak zulatzen dituzte, eta horrek palmondoa ahuldu eta, kasu larrietan, heriotza eragin dezake.
Getariako kasuan, egindako azterketen ondoren, bi palmondoen egoera oso larria zela egiaztatu da, eta eragina handia zenez, ezinezkoa izan da haiek berreskuratzea. Horregatik, eta izurria gehiago ez hedatzeko helburuarekin, bi palmondoak kentzea erabaki da.
Getariako Udalak kentze-lanak egiteko inguruan lanean ari den enpresa aditu bat kontratatu du, segurtasun- eta osasun-neurri guztiak betez, eta landare-hondakinen kudeaketa egokia bermatuz. Lan horien kostua 4.321 eurokoa izan da.
Horrez gain, bota ez diren palmondoen alboan dagoen beste zuhaitzean prebentziozko esku-hartzea egingo da, endoterapia bidezko tratamendua aplikatuta. Tratamendu hori hiru momentutan egingo da, zuhaitzaren osasuna babesteko eta balizko kutsatzeak saihesteko helburuarekin. Jarduketa honen kostua 1.765 eurokoa izango da.
Adierazi da, halaber, aurrerantzean ere egoeraren jarraipen estua egiten jarraituko dela, eta beharrezkoak diren kontrol- eta prebentzio-neurriak hartzen segituko dela pikudo gorriaren hedapena saihesteko. Era berean, gogorarazi da tratamenduak eta esku-hartzeak soilik baimendutako enpresa edo langileek egin behar dituztela, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Azkenik, herritarrei dei egiten zaie palmondoetan ohikoak ez diren sintomak antzemanez gero dagokion zerbitzuari jakinarazteko, denon artean izurrite honen hedapena geldiarazteko.


