Lurraldebusek zerbitzu bereziak jarriko ditu Kontxako sailkapen-estropadarako eta Kontxako Banderarako.
Getariako Udalaren eskaerari erantzunez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko ohiko zerbitzuaz gain zerbitzu bereziak jarriko ditu bai Kontxako Banderaren sailkapen-estropadarako (ostegunean, hilak 4), bai Kontxako Banderarako (irailak 7 eta 14, igandeak).
Zerbitzu bereziak Sailkapen-estropadan (irailak 4, osteguna):
- UK10 (Zumaia>Donostia AP-8 Zarauztik) linea 16:00etan irtengo da Zumaiatik, eta 16:50ean iritsiko da Gipuzkoako hiriburura.
- UK11 lineak (Zumaia>Zarautz>Orio>Donostia) irteera bat izango du 16:30ean, eta ordubete geroago iritsiko da Donostiara.
- Itzulerako ordutegiak 19:30ean izango dira UK11rako eta 21:00etan UK10rako.
Zerbitzu bereziak Kontxako Bandera egunetan (irailak 7 eta 14, igandeak):
UK11ren zerbitzu bereziak egongo dira 9: 00etan eta 10:30ean. Getariatik atera, Orioraino joan, AP-8a hartu eta Antiguatik sartuko dira Donostiara.
Getariako alkate Haritz Alberdik adierazi duenez, “Kontxako estropada urteroko zita garrantzitsu bat bihurtu da herrian eta adin guztietako herritarrak gara gure arraunlariak animatzera Donostira hurbiltzen garenak. Gainera, joan-etorria autobusa bezalako zerbitzu publikoaz egiten dugunak ere asko gara eta hori horrela izateko, eta izaten segitzeko, zerbitzua indartu beharra dago. Beraz, aurten ere zerbitzu bereziak ezartzearen eskaerari positiboki erantzun izana berri pozgarria da Getariar guztientzat”
Bestalde, Azahara Domínguez diputatuak “Badakigu Kontxako estropadak jende asko mugitzen duela; horregatik, beste udalerri batzuetan jaiak edo beste ekitaldi batzuk direla eta egiten ari garen bezala, Lurraldebuseko zerbitzu bereziak prestatuko ditugu, hala nahi duten pertsona guztiek Donostiako udako kirol-hitzordu garrantzitsuenetako batez modu eroso, seguru eta jasangarrian gozatzeko aukera izan dezaten, ibilgailu pribatua duten ala ez kontuan hartu gabe”, nabarmendu du.


