Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

LABURBIRA | Euskarazko film laburren 22. zirkuitua

martxoa / 23, 2025

Datorren igandean, martxoaren 30ean iritsiko da Getariara LABURBIRA, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria, Getariako Udalak antolatuta.

Euskaraldiaren programazioaren barruan eskainiko dugu emanaldia Iturzaeta aretoan, 18:30ean hasita. Sarrerak, 3 euro, salgai daude Turismo bulegoan.

LABURBIRAren aurtengo bilduma 8 film laburrek osatzen dute. Orotara, 97 minutuko film-labur sorta. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, edukiz zein estiloz, eta horietako batzuk zenbait zine jaialditan parte hartu duten edota sarituak izan diren ekoizpenak dira. Besteak beste, Goya sarietarako hautatutako bi film (Ekain Irigorienen Europa eta Eneko Sagardoyren Betiko Gaua), Alaia Martin bertsolariak, Karmele Mitxelena eta Iraitz Mateorekin batera zuzendu duen Pentsatzen dut, Itziar Ituño protagonista daukan Ekain Martinezen Prosopagnosia eta Huezinema jaialdia irabazi zuen Utlandsk filma.

Duela 22 urte abiatu zen LABURBIRA, euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuitua, bi helburu nagusirekin: batetik, euskal zinemagintza hauspotzea, zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanaz, eta, bestetik, herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea. Ez galdu aukera!

IKUSGAI EGONGO DIREN 8 FILMAK:

  • PROSOPAGNOSIA
  • PLAZER BAT
  • BETIKO GAUA
  • EUROPA
  • PENTSATZEN DUT
  • HOR KONPON
  • GOODBAY KEPLER
  • UTLANDSK