Kontxako sailkapen-estropadara joateko Lurraldebusen zerbitzu bereziak izango dira.
Irailaren 2an, asteazkenean, jokatuko da Kontxako Banderako gizonezkoen sailkapen-estropada, eta Donostiara joateko garraio publikoa indartuko da.
Kontxako Banderak herritarren artean sortzen duen interesari erantzunez, Lurraldebuseko zerbitzu bereziak izango dira irailaren 2an, asteazkenean, Donostian jokatuko den gizonezkoen sailkapen-estropadarako. Getariako Udalak Aldundiari egindako eskaerari erantzunez, zerbitzu berezi horiek jarri dira.
Hala, UK10 lineak (Zumaia-Donostia) zerbitzu berezia izango du Zumaiatik 16:00etan eta Donostiatik 21:00etan. UK11 lineak (Zumaia-Donostia, AP-8tik Zarautzen barrena) ere zerbitzu bereziak eskainiko ditu: Zumaiatik 16:30ean eta Donostiatik 19:30ean.
Azahara Domínguez: “Kontxako Bandera udako kirol-ekitaldi garrantzitsuenetako bat da”
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek nabarmendu duenez, “Kontxako Bandera udako kirol-ekitaldi garrantzitsuenetako bat da eta jende asko erakartzen du”.
Bere esanetan, zerbitzu bereziak jartzeak aukera ematen du jendea estropada ikustera “modu jasangarrian, eskuragarrian eta erosoan” joateko. Era berean, garraio publikoaren alde egiteak mugikortasun jasangarriagoa sustatzeaz gain, herritarren bizi-kalitatea eta segurtasuna hobetzen laguntzen du, baita aisialdirako sarbidea demokratizatzen ere.
Haritz Alberdi: “Arrauna bizi-poza da”
Getariako alkatearen hitzetan, “arrauna bizi-poza da, eta kirolaz harago, herria elkartzeko eta herri-kohesioa sortzeko gaitasuna du”.
“Kontxako Estropada urteko momenturik berezienetako bat da getariarrontzat, eta egun horretan herritar asko Donostiara joaten gara gure arraunlariak animatzera. Horregatik, azken urteetan egin dugun bezala, aurten ere Getariako Udaletik Aldundiari garraio zerbitzuak indartzeko eskaera egin diogu, herritarrok Donostiara modu erosoan eta seguruan joateko aukera izan dezagun. Azken finean, gure arraunlarien atzetik elkarrekin joatea ere herria egitea da”.
Lurraldebusen zerbitzu bereziak
- UK10 Zumaia → Donostia: 16:00
- UK10 Donostia → Zumaia: 21:00
- UK11 Zumaia → Donostia, AP-8tik Zarautzen barrena: 16:30
- UK11 Donostia → Zumaia: 19:30
Ordutegiak Lurraldebuseko webgunean edo erabiltzailearen arretarako 900 300 340 telefonoan kontsulta daitezke.
Kontxako sailkapen-estropadaren inguruko informazio gehiago aurrerago emango dugu, estropadaren xehetasunak eta gainerako informazioa zehaztu ahala.


